Gizartea -

Genero indarkeria

Urte eta erdiko zigorra Belzarentzat, bikotekide ohia babesteko agindua hausteagatik

Nagore Laffageren familiaren abokatua izateagatik da ezaguna Alonso Belza. Gainera, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako ofiziozko abokatua izan zen Donostian.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Alonso Belza abokatu donostiarrari urte eta erdiko espetxe zigorra eta 600 euroko isuna jarri dio epaileak, bikotekide ohia babesteko zeukan agindua hausteagatik. Izan ere, tratu txarrengatik salaketa jarri zion Belzari bikotekide ohiak.

2008ko sanferminetan eraildako Nagore Laffage gaztearen familiaren abokatua izateagatik da ezaguna Alonso Belza. Gainera, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako ofiziozko abokatua izan zen Donostian.

2017ko urtarrilean, garai hartan Alonso Belzaren bikote zenak jarri zuen salaketa. Orduan, biktimarekin harremanetan jartzea debekatu zion epaileak, eta gutxienez 100 metroko distantzia gordetzera behartu zuen.

Gertakari horiengatik urtarrilaren 31n Donostiako Zigor Epaitegiaren bosgarren aretoan egindako epaiketan, Fiskaltzak urtebeteko zigorra eskatu zuen akusatuarentzat. Akusazioak, berriz, bi urte eta erdiko kartzela zigorra eta 3.000 euroko isuna eskatu zuen. Defentsak, bestalde, aske uzteko eskaria egin zion epaileari.

Epaiak, ordea, urte eta erdiko espetxe zigorra jarri dio, azkenik, delitu jarraitua egiteagatik.

Ebazpenaren arabera, gutxienez sei aldiz deitu zion Donostiako telefono kabina batetik bikotekide ohiari, "frantsesez hitz egiten eta maitasun adierazpenak eginez". Emakumeak dei guztiak grabatu zituen.

Oraindik, baina, ebazpena ez da irmoa, eta, beraz, Gipuzkoako Auzitegian helegitea jartzeko aukera du akusatuak, hamar eguneko epean. Juan Roman Zubillaga abokatuak iragarri duenez, horixe egingo dute.

____________________________________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Indarkeria matxista Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Abokatuak Matxismoa