Gizartea -
Genero indarkeria
EAEko 2.989 emakumek bikotekideen edo bikotekide ohien erasoak jasan zituzten iaz
Gainera, 385 emakumek sexu askatasunaren aurkako erasoak jasan zituzten, 2017an baino % 23,7 gehiagok. Bestalde, delinkuentziak gora egin zuen, hiru lurraldeetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guztira, 2.989 euskal emakumek bikotekideen edo bikotekide ohien erasoak jasan zituzten 2018an. Horrek esan nahi du 2017an baino % 2,8 eraso gehiago zenbatu zituztela iaz. Gainera, 385 emakumek sexu askatasunaren aurkako erasoak jasan zituzten, 2017an baino % 23,7 gehiagok.
Horiek dira 2018ko Euskal Autonomia Erkidegoko Delinkuentzia Memoriak ateratako ondorioetan batzuk. Estefania Beltran de Herediak aurkeztuko du aipatu memoria, asteazken honetan, Legebiltzarrean.
Horrez gain, EAEn izandako delitu kopuruari buruzko datuak jaso ditu: 114.800 (% 6,3 gehiago). Hain zuzen ere, hiru lurraldeetan egin zuen gora delitugintzak: % 7,7 Bizkaian (64.256 arau-hauste); % 5,6 Gipuzkoan (31.298 arau-hauste), eta % 2,7 Araban (19.246).
Konkretuki, Araban zenbatu zuten delitu kopuru handiena. Han, 10.000 biztanleko 58,52 arau-hauste egin zituzten; Bizkaian, berriz, % 55,89, eta Gipuzkoan % 43,43. Hauxe da, beraz, batezbestekoa: 52,2 delitu EAE osoan, aurreko urtean baino 3 gehiago.
Horien artean, 6 hilketa egon ziren (2017an baino 2 gehiago), eta askatasun sexualaren aurkako 711 delitu zenbatu zituzten ( % 34 gehiago). Horietatik 193 sexu erasoak izan ziren, memoriaren arabera.
Indarkeria jasan zuten emakumeak (bikotekide edo bikotekide ohien erasoak, senitartekoen tratu txarrak edo sexu askatasunaren kontrako erasoak) 4.244 izan ziren; hots, 2017an baino % 5,5 gehiago.
Orotara, etxeko indarkeria (gizonezkoek ere jasan dezakete) % 5,3 hazi zen. Aipatzekoa da, halaber, guztira zenbatu zituzten 4.743 kasu horietatik 3.287 ohiko tratu txarrak zirela.
________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.