Gizartea -

Adingabeei egindako abusuak

Abusuak egin zituzten hiru apaiz identifikatu ditu Bilboko Elizbarrutiak

Hilda daude hirurak. Horietako bat Derioko seminarioaren zuzendari espirituala zen, 2017an hasitako Bilboko Elizbarrutiaren barne ikerketa baten arabera.

Horietako bat Derioko seminarioaren zuzendari espirituala zen / Argazkia: Wikipedia.
Horietako bat Derioko seminarioaren zuzendari espirituala zen.
Horietako bat Derioko seminarioaren zuzendari espirituala zen / Argazkia: Wikipedia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Elizbarrutiak 2017an hasitako barne ikerketa batek adingabeei ukituak egin zizkieten hiru apaiz identifikatu ditu. Hirurak hilda daude.

Bilboko Elizbarrutiak horrela erantzun dio, komunikatu baten bidez, 60ko hamarkadan Derioko seminarioan izandako abusuei buruzko albisteari. Ukituengatik identifikatutako hiru apaizetako bat da albistean aipatutakoa.

Bilboko Elizbarrutiak esan duenez, Derioko seminarioan gertatutako abusuen inguruko albistearen oinarria 2011an Javier Elzo soziologoak bildutako lekukotzak dira, Derioko seminarioari buruzko liburuan. Astintze elkarteak argitaratu zuen liburua, Bilboko Elizbarrutiak babestuta.

2017an, Mario Iceta gotzainak eskatuta, 'Adin txikikoen aurkako sexu-abusuen prebentziorako Gidaliburua' argitaratu zuen Bilboko Elizbarrutiak eta, legearen eskakizunak beteta, adin txikikoekin lan egiten zutenei dagozkien ziurtagiri penalak eskatu zitzaizkien.

Testuinguru horretan, barne ikerketa hasi zuten, 1950an Bilboko Elizbarrutia sortu zenetik abaderen batek abusurik egin zuen jakiteko. 1.600 apaiz igaro dira Bilbotik tarte horretan.

Kuriaren artxiboetan salaketarik ez zegoela baieztatu ondoren, Elizbarrutietan aurreko garaietan gobernu erantzukizunak izan zituzten zenbait apaizi galdetu zieten. Ikerketa horren ondorioz ukituak egin zituzten hiru apaiz identifikatu zituzten. Guztiak hilda daude gaur egun. Horietako bat da Derioko seminariokoa.

Bilboko Elizbarrutiak iragarri duenez, gizartearekin "gardentasunez" jokatuko du gai hauen inguruan. Gainera, "pertsonen sexu askatasunaren aurkako edozein jokaera gaitzetsi" du, "beste behin ere", eta prest agertu da "uneoro" agintariekin lankidetzan jarduteko, "kaltetutako guztiei eta euren familiei laguntasuna emanez eta Lagungo profesionalen jardutea eta laguntza euren esanetara jarriz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Delituak azken ordukoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak Erlijioa Sexu erasoak Elizan izandako abusuen kasuak Eliza Katolikoa albisteak