Gizartea -

Haurrak hartzeko kanpaina

Hego Euskal Herriko familiak behar ditu Chernobil elkarteak, udan haurrak hartzeko

6 eta 14 urteko bitarteko umeen harrera bilatzen du kanpainak. Osasunaren Mundu Erakundeak aholkatuta, ume horiek urtean, gutxienez, 40 egunez alde egin behar dute Txernobyldik.

2019ko udan Txernobyleko haurrak hartzeko kanpaina. Argazkia: Chernobil elkartea
2019ko udan Txernobyleko haurrak hartzeko kanpaina
2019ko udan Txernobyleko haurrak hartzeko kanpaina. Argazkia: Chernobil elkartea

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udan haur ukrainarrak hartzeko kanpaina abiatu du Chernobil elkarteak. Helburua da, uztailaren hasieratik abuztuaren amaierara arte, leku kutsatuetan bizi diren umeak hartzeko prest dauden Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako familiak bilatzea.

Historiako istripu nuklear larriena duela ia 33 urte jazo zen, baina horren ondorioak ez dira oraindik arindu. Lurzoruaren eta uraren kutsadurak ez ezik, faktore sozialek ere eragina dute bertako biztanleengan, elkartetik jakitera eman dutenez. Familia horiek landa eremuetan bizi dira, iraupen ekonomian oinarrituta, eta hiriko garapenetik urrun.

Horregatik, 6 eta 14 urteko bitarteko umeen harrera bilatzen du Chernobil elkartearen kanpainak. Haur horiek ez daude gaixorik, baina makal daude, dieta pobrea dutelako.

Harrerei dagokienez, 14 urte bete arte, urtero ume bera hartzeko aukera izango dute familiek.

Osasunaren Mundu Erakundeak aholkatuta, ume horiek urtean, gutxienez, 40 egunez alde egin behar dute Txernobyldik, haien osasun egoerak hobera egin dezan eta bizimodu normal bat ezagutu dezaten.

Martxoaren 14an bilera egingo dute Iruñean, haurrak hartzeko abiatutako kanpainari buruzko informazio gehiago emateko eta horretan interesa dutenen zalantzak argitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak