Gizartea -
Genero indarkeria
Eraso matxista izan da Errenterian EAJko zenbait agintariren aurrean
Emakumea etxeko ataritik oihuka atera da eta, atzetik, bikotekide ohiak mehatxu egiten zion.
EiTB.EUS
Emakume batek eraso matxista jasan du Errenterian bikotekide ohiaren esku; erasoa aurre-kanpainako ekitaldi batean ari ziren EAJko zenbait agintariren aurrean gertatu da.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez, gizonezkoari mehatxu delitua egotzi diote.
Erasoa Zubiaurre kalean gertatu da, 11:40 aldera. EAJko hainbat agintari, esaterako Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Maite Peña Gizarte Politiketako diputatua eta Markel Olano diputatu nagusia, han zeuden, 12:00etan aurre-kanpainako ekitaldia hasi behar zutelako.
Emakumea etxeko ataritik oihuka ateratzen ikusi dute; atzetik, gizonezkoak mehatxuak botatzen zizkion. Mendozak eta Peñak emakumea babestu dute, eta Ertzaintzak gizonezkoa atxilotu du.
Mendozak, gainera, emakumea lagundu du polizia-etxeraino gertatutakoa salatzeko.
EAJk aurreikusita zuen ekitaldia bertan behera utzi du, eta Markel Olanok erasoa salatu du sare sozialetan.
Gizonezkoa, berriz, Donostia Ospitalera eraman dute "oso asaldatua" baitzegoen, Ertzaintzak jakinarazi duenez.
__________________________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.