Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Gizon bat atxilotu dute Donostian bikotekide ohiari eraso egitea leporatuta
Horrez gain, bikotekide ohiarekiko duen urruntze agindua urratu du atxilotuak.
EITB.EUS
Ertzaintzak 54 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo (astelehena), bikotekide ohia kalean lepotik hartu eta iraintzeagatik, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Halaber, bikotekide ohiarekiko duen urruntze agindua urratu du atxilotuak.
Erasoa 15.00 aldera gertatu zen Donostiako erdialdean, biktima lanetik atera berri zen bikotekide ohiak eraso egin zionean.
Emakumeak ihes egitea lortu eta 112 zenbakira deitu zuen. Ospitalean artatu izan ostean, Donostiako polizia-etxean salatu zuen gertatutakoa.
Handik gutxira, ustezko erasotzailea aurkitu eta atxilotu zuten indarkeria matxista delitua eta urruntze agindua urratzea egotzita.
Atxilotua astearte goiz honetan igaro da epailearen aurretik.
________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.