Gizartea -
TXARTEL BAKARRA GIPUZKOAN
Renfeko aldiriko trenetan ere erabili daiteke jada Mugi txartela
Modu honetan, Gipuzkoako garraio publiko guztia Mugi txartel bakarraren parte izango da. Halaber, Mugi txartelaren prezio berriak ere indarrean sartuko dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaur sartuko dira indarrean Mugi Gipuzkoako garraio txartelaren prezio berriak. Era berean, aurrerantzean Renfeko aldiriko trenetan ere erabili ahal izango da.
Mugi pertsonalizatuaren titularrek % 47ko deskontua izango dute hilabetean egiten dituzten lehen 20 bidaietan, % 57koa 21. eta 50. bidaia artean, eta % 90eko deskontua, 51. bidaiatik aurrera.
Gazteen kasuan, egiten duten birkargaren balioaren % 25 gehiago jasoko dute saldo gisa txartelean, eta doan izango dituzte bidaia guztiak 51.etik aurrera.
Gainera, Mugi txartela Renfeko aldirietan erabili ahal izango da, "Gipuzkoako gainontzeko garraioetan dituen eskubide eta onura berdinekin".
Gipuzkoa Garraio Agintaritzak (ATTG) kalkulatzen du urtero 7 milioi bidaiari egingo diola mesede Renfe ere integratzeak txartelean, Oria korridorea eta Irun-Pasaialdea zerbitzuetakoei batez ere.
Renfen ere Mugi sistemaren zonifikazioa mantenduko da eta beste zerbitzuetako irizpide bera erabiliz ezarriko dira tarifak, Renfek bere sistemako bileteetarako aplikatzen ez badu ere.