Gizartea -
Alerta meteorologikoak
Amaitu da elurragatik EAE barnealdean eta Pirinioetan ezarritako abisu horia
Elurraren maila 1.000 metrotik gora igoko da goizean. Gainera, nabigaziorako abisu horia goizaldera arte egon da indarrean.
EITB.EUS
Elurragatik Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) barnealdean eta Nafarroako Pirinioetan ezarritako abisu horia 06:00etan amaitu da da. Elurraren maila 600-700 metro inguruan egongo da egunaren hasieran, baina 1.000 metrotik gora igoko da goizean.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak asteazken eguerditik (12:00) hasita ezarri zuen abisu horia eta osteguneko 06:00ak arte izan da indarrean. Nafarroan, aldiz, asteazkeneko 03:00etatik osteguneko 06:00ak arte aktibatu da.
Halaber, nabigaziorako abisu horia ere egon da indarrean asteazken arratsaldetik (18:00) ostegun goizaldera arte (06:00), 3,5 metroko olatuengatik.
Ostegunean, zaparrada txiki-ertainak botako ditu isurialde atlantikoan, eta zaparrada txikiak han-hemenka gainerako tokietan; arratsaldean, atertzera egingo du. Egunaren amaieran, prezipitazio txikia egin dezake. Isurialde atlantikoan eta egunaren lehen partean, trumoi-ekaitzak jo eta txingorra egin dezake. Goizaldean, elurraren maila 600-700 metroan egongo da, ekaitz-eremuetan eta ekialdean zertxobait baxuago, eta 1.000 metrotik gora igoko da arratsaldean.
Barnealdeko zenbait tokitan, izotza ere egin dezake.