Gizartea -
Indarkeria matxista
Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko mediku bat sexu-jazarpenagatik salatu dute
Medikua ospitaletik kaleratu dute dagoeneko. 39 urteko erizaintzako laguntzaile batek aurkeztu du salaketa.
Agentziak | Erredakzioa
San Juan de Dios Ospitaleko (Santurtzi, Bizkaia) mediku bati sexu-jazarpena leporatu dio erizaintzako laguntzaile batek. Salaketa Barakaldoko epaitegietan aurkeztu du. Medikua ospitaletik kaleratu dute jadanik.
39 urteko erizaintzako laguntzailea 2009an hasi zen lanean, San Eloy Ospitalean. Hasieratik tratu “iraingarria eta umiliagarria” sufritzeaz gain, medikuaren “sexu ukituak eta begirada lizunak” jasan zituela dio salaketak.
2018ko urtarriletik aurrera tratu iraingarria areagotu zela azaldu du salatzaileak kereilan. “Kulero garbiak ekarri dituzu?”, “Txiza egitera noa, eutsiko”, “etorri hona eta lau hankatan jarri” edo, barrabilak ukituz, “begiratu zer daukadan hemen, etxean halakorik al duzu?”, esan zizkion medikuak, besteak beste.
Gainera, pazienteak eta lankideak izendatzeko hitz xenofoboak erabili zituen salatuak: “arabiar puta”, “sudaca” edo “beltz puta” bezalakoak.
Uniformearen aurrealdeko poltsikoan zeraman boligrafoa hartzen zionean, langilearen bularraldea ukitzeko aprobetxatu zuen medikuak, beste batzuetan, begirada lizunak botaz.
Baja medikoa 2018ko martxoan
Tratu iraingarriaren eta umiliagarriaren ondorioz, salatzaileak baja medikoa hartu zuen 2018ko martxoan. Egun “gaixotasun psikologikoa du, antsietate eta depresio aldarte batekin bateragarria, gertatutakoaren ondorio”, azaldu du salaketan.
Ahultasun emozionala du, “negarrez errez hasten da, urduritasun eta artegatasuna eragiten dioten pentsamenduekin; horrek bere gaitasunari eragin eta lan egiteko zailtasunak ditu”, erantsi duenez.
Irainak “behin eta berriro” salatu zituen erizainak, salaketa aurkeztu baino lehen, baina medikuaren aurka egin nahi baldin bazuen “bakarrik” zegoela ohartarazi zion ospitaleko giza baliabideen arduradunak aurrena, eta Erizaintzako koordinatzaileak ondoren.
Bi arduradunek “ez zuten deus egin”, nabarmendu du kereilak. Osasun zentro pribatuaren nagikeria ikusita, David Sainz de Rozas erizainaren abokatuak salaketa aurkeztea erabaki zuen.
San Juan de Dios Ospitaleak ohar batean, astearte honetan, jakitera eman duenez, salaketaren berri aurrenekoz 2018ko urrian izan zuten. Kanpoko enpresa bati ikerketa egiteko eskatu ondoren, medikuak “hitz desegokiak eta gehiegikeriak” erabili zituela ondorioztatu zuten. Horregatik, duela hilabete kaleratzea erabaki zuten.
“Lan esparruan adierazpen onartezinak jaso zituen ikerketako ondorioen txostenak, Ospitaleko printzipio eta balioekin bateraezinak”, Ospitaleak agirian azaldu duenez. Jokabideak falta “larritzat” jo zituen osasun zentroak.
Erizaintzako laguntzaileak salaketa aurkeztu ondoren, Barakaldoko epaitegiak ospitalea “orain dela gutxi” deitu du. Txostena epaitegiaren esku utzi zuen osasun zentroak.
Ospitaleak “zuhurtzia eta errespetua” eskatu ditu; izan ere, gertakariak instrukzio fasean daude oraindik. Justiziari laguntzeko borondatea azaldu du osasun zentroak, eta edozein motatako abusu, jazarpen edo sexu-erasoak “irmo” gaitzetsi ditu.
David Sainz de Rozas biktimaren abokatuak baieztatu duenez, ospitaleak deskribatu dituen jokabideak salaketa aurkeztu izanaren arrazoiak dira. Iragan urtarrilean salatzaileak osasun zentroari burofax baten bidez prebentzio txosten bat eskatu ziola azaldu du abokatuak, baina ospitaleak ez du igorri.
Barakaldoko zentro batean kontsulta du medikuak
Bestalde, medikuak San Juan de Dios Ospitalearekin “merkataritza lotura” izaten jarraitzen duela salatu du Sainz de Rozasek; izan ere, kontsulta du menpeko osasun zentro batean, Barakaldon.
Sainz de Rozasek azaldu duenez, Ospitaleko zuzendari kudeatzailea epaitegira joan zen iragan astelehenean, baina deklaratzeari uko egin zion, testigantza prestatzeko denborarik izan ez duela argudiatuta.