Gizartea -
Bizkaiko golkoa
'Ria de Vigo' atoiontziak 'Grande America'ren fuel olioa deskargatu du Santurtzin
Arroxela parean hondoratutako ontziaren fuel olioaren garbiketan sei ontzi ari dira lanean.
eitb.eus
Bizkaiko golkoan garbiketa lanetan aritu ostean, 'Ria de Vigo' atoiontzia Santurtziko portura heldu da bart, Arroxela parean hondoratutako 'Grande America' ontziaren fuel olioa deskargatzeko.
Martxoaren 12an hondoratu zen Grimaldi Group enpresa armadorearen itsasontzia, sutea piztu ostean. 27 lagun erreskatatu behar izan zituzten ontzia Arroxelatik 330 kilometrora hondoratu aurretik. 2.200 fuel tona zeramatzan.
Guztira sei ontzi ari dira Bizkaiko golkoan garbiketa lanetan.
'Ria de Vigo' atoiontziak punta-puntako baliabideak erabiltzen ditu fuel olioaren kutsadurari aurre egiteko, eta, besteak beste, segurtasun hesiak jarri ditu edozein jario kontrolpean izateko.
Kamioi batek eraman du 'Grande America' ontziak mugitzeko zeraman erregaia. 'Ria de Vigo' atoiontziaren aurretik beste itsasontzirik ere heldu da Santurtzira 'Grande America'ren fuel olioa deskargatzera.