Gizartea -

Kutsadura

SOS Deiak: 'Euskal kostalderako ez dago arriskurik'

Eusko Jaurlaritza, Euskalmet eta Azti Bizkaiko Golkoan urperatu den 'Grande America' itsasontziaren jarraipena egiten ari dira.

'Grande America' itsasontzi italiarra, sutan. Argazkia: EFE
'Grande America' itsasontzi italiarra, sutan
Kezka euskal kostaldean, erregai-kutsaduraren arriskuarengatik

1:25

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hanburgo eta Casablanca arteko bidea egiten ari zen Italiako karga itsasontzi bat Frantziako kostatik 333 kilometrora hondoratu zen asteartean, igandean piztutako sutea itzaltzea lortu ez zelako. SOS Deiakek Twitter sare sozialean adierazi duenez, "euskal kostalderako ez dago arriskurik".

Txio batea azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza, Euskalmet eta Azti Bizkaiko Golkoan urperatu den itsasontziaren jarraipena egiten ari dira.

Itsasoan eta elikagaien berrikuntzan adituak diren Azti zentroko arduradunek EiTBri jakinarazi diotenez, Eusko Jaurlaritza gertutik ari da gertatutakoa jarraitzen, nahiz eta, oraingoz, ez duen aurreikusi euskal kostaldera material kutsakorrik helduko denik.

Verballenas.com enpresa santurtziarrak, aldiz, ohartarazi du hondoratzeak "marea beltza" eragin duela Bizkaiko golkoan. Sare sozialen bidez jakitera eman duenez, Frantziako agintariak eta ornitologoak arduratuta daude, larunbatetik aurrera arazoak dituzten hegaztiak hel litezkeelako euskal hondartzetara.

"2.200 tona fuel eta material arriskutsua zabaldu ditu itsasontziak gure kostatik gertu", esan dute Facebooken.

Gainera, zehaztu dute une honetan bi orban handi daudela: 13,7 kilometro hartzen ditu batek eta 9,7 kilometro besteak. Horregatik, herritarrei laguntza eskatu diete. Hain zuzen ere, hondartzetan hegaztiak, itsas txakurrak edota izurdeak ikusiz gero 112 telefono zenbakira deitzeko aholkatu dute.

Grande America ontzian 27 lagun zihoazen. Guztiak onik atera zituzten kargaontzitik, astelehen goizaldean. 214 metroko luzera duen itsasontziak, ibilgailuak eta edukiontziak zeramatzan. Asko itsasora erori ziren, hondoratzea gertatu aurretik.

Sustapen Ministerioak kutsadura kostaldera heltzea ez du espero

Bestalde, deriba iragarpenen arabera, eta baldintza meteorologikoen datuak aztertuta, Sustapen Ministerioak kutsadura kostaldera heltzea ez du espero.

Ministerioak jakitera eman duenez, iragan ostegunetik Bizkaiko Golkoa Plana (Espainia eta Frantziaren arteko lankidetza egitasmoa, Atlantikoan ezbeharra dagoen kasuetarako) martxan dago.

Era berean, Merkataritza-nabigaziorako Zuzendaritza Nagusiak Itsas Plan Nazionalaren alerta fasea abiatu du, isuriaren jarraipena egiteko.

Frantziako Itsas Agintaritzak eskatuta, Alonso de Chaves Itsas Salbamenduko ontzia bidali du Espainiako Gobernuak, kutsaduraren aurka borroka egiteko materialarekin.

Ontzia datorren astelehenean iristea espero dute. Bestalde, Sasemar 103 hegazkinak behaketa hegaldi bat egingo du larunbat honetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoako albisteak Hondartzak Brazomar hondartza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ondarreta hondartza Bermeoko hondartza Ingurumena Kontxako hondartza azken ordukoa Zarauzko hondartza azken ordukoa Arrigunaga hondartza Ereaga hondartza Arrantza albisteak 2024 Kantauri itsasoa albisteak 112 Larrialdiak Kutsadura gaur Merkantzia-garraioa