Gizartea -
Bizkaia
Iturriko ur arrea ez edatea aholkatu dute Uribe Kostan
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak espero du larunbatetik aurrera egoera normaltasunera itzultzea, ordurako ur libraketa guztiak eginak egongo direlako.
agentziak | erredakzioa
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak iturriko ur arrea ez edatea aholkatu die Uribe Kostako herritarrei. Atzo izan zen akats mekaniko baten ondorioa da arazoa, eta Urduliz eta Sopelan omen dauka eragin gehien. Partzuergoak espero du larunbatetik aurrera egoera normaltasunera itzuliko dela, ordurako ur libraketa guztiak eginak egongo direlako.
Prentsa-ohar batean jakinarazi duenez, ostegun arratsaldetik ura arre agertu zen Uribe Kostako iturrietan, Sopelan eta Urdulizen "bereziki", Ganbeko (Urduliz) biltegian izandako arazo mekaniko baten ondorioz.
Partzuergoak azaldu duenez, gertakariaren berri izan zutenean ura libratzen hasi ziren arazoa arintzeko, eta orain, "normaltasunetik gertu dagoen arretasuna" dauka urak.
Hala ere, eraikinetako hodietako ura libratzea aholkatu dute, adibidez tarte batean etxeko iturria irekita utzita.
Partzuergoak abisua emango du arazoa erabat konpontzen duenean, eta bihar eguerdirako izatea espero da. Dena dela, edozein zalantza edo arazo izanez gero 94 487 31 87ra deitzeko aukera eman die Partzuergoak herritarrei.