Gizartea -

EHU-ren ikerketa

Botikak eta eguzki-kremen osagaiak arrainetan pilatzen dira, albo-ondorioak eraginez

EHUko Kimika Analitikoa Saileko ikerlari batek antidepresibo, antibiotiko eta ultramore-iragazkien hondarrak atzeman ditu Bizkaiko uretan eta arrainetan.

Arrainek hainbat botika metatzen dituztela frogatu du EHUko ikerketak. Argazkia: Pexels
Hainbat arrain
Botikak eta eguzki-kremen osagaiak aurkitu ditu EHUk arrainetan

1:23

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haizea Ziarrusta EHUko Kimika Analitikoa Saileko ikerlariak frogatu duenez, botikak eta eguzki-kremen osagaiak itsasora heldu eta arrainetan metatzen dira, animalion metabolismoan albo-ondorioak eraginez.

EHUk ohar bidez gaur zabaldu duen ikerketa lanak "sakon aztertu nahi izan du farmakoak eta zaintza pertsonalerako produktuak arrainetan nola metatu, banatu, metabolizatu edota kanporatzen diren".

Hain zuzen ere, Haizea Ziarrustak Kimika Analitikoa Sailean egindako ikerketan amitriptilina antidepresiboa, ziprofloxazin antibiotikoa eta oxibentzona ultramore-iragazkia arrainetan metatu daitezkeela ikusi du, eta kutsatzaile horiek "plasman, burmuinean eta gibelean albo-ondorioak eragiten dituztela, metabolismoan eragina baitute, organismo mailara hedatzeraino", azaldu du.

Ondorio horietara heltzeko, lehenik eta behin, ikertzaileek hainbat metodo analitiko optimizatu dituzte, "farmakoak eta zaintza pertsonaleko produktuak uretan eta arrainen ehunetan determinatu ahal izateko", zehaztu du ikertzaileak. Metodo horiek erabilita ikertzaileek kutsatzaile horiek Bizkaiko zenbait estuariotan egon badaudela ikusi dute eta arrainetara heltzen direla. Hala ere, "Arrainei nola eragiten dieten kusi nahi izan dugu, haien metabolismoan gertatzen diren aldaketak aztertuz", argitu du Ziarrustak.

Plentziako Itsas Estazioan esposizio-esperimentuak egin dituzte urraburuekin, amitriptilinaren, ziprofloxazinaren eta oxibentzonaren biometaketa nolakoa den ebaluatzeko eta osagaiok ehunetan nola banatzen diren ikusteko. "Halaber, kutsatzaile horien biotransformazioa aztertu eta degradazio-produktuak karakterizatu ditugu, eta, azkenik, kutsatzaile horiek arrainetan eragin ditzaketen maila molekularreko aldaketak ikertu ditugu, haien metabolismoa aztertuz", gehitu du. Kutsatzaileen eragina banan-banan aztertu dute, baina Ziarrustak nabarmendu du errealitatea ez dela hori. "Lehenengo gauzak banaka ulertu behar ditugu, gero oro har zer gertatzen den ulertzeko. Izan ere, uretan ez dago kutsatzaile bakarra, eta arrainak etengabe daude guztien eraginpean".

Haizea Ziarrusta, investigadora de UPV/EHU

Ziarrusta, EHUk bidalitako argazki batean.

Horrekin lotuta, ikertzaileak dio lan asko dagoela egiteko. "Kezkatzekoa da kutsatzaile horien kontzentrazioa, kontsumoa gora baitoa eta ez baikara gai araztegietan ezabatzeko. Arrainetara heltzen dira, eta haien metabolismoa aldatzen ari da. Ez dakigu horrek zenbaterainoko eragina izango duen pertsonengan, baina litekeena da arazoa populazio mailara heltzea. Itsasoa kutsatuz doan neurrian, alegia, zenbat eta kutsatzaile gehiago egon, gauzak ez dira hobera joango. Gainera, arrainetan metatzen diren kutsatzaileak gizakiengana heltzeko arriskua dagoen jakin beharra dago". Nolanahi ere, ikertzaileak adierazi duenez, "beste kutsatzaile edo espezie batzuen joerak ikertzeko erabili daitezke guk garatutako hurbilketa analitikoak, eta, hala, aukera egongo da ingurumen-arriskuak ebaluatzeko funtsezko informazioa biltzeko, neurri arautzaile berriak ezarri ahal izateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia EHU Gizartea Eguneko albisteak Plentzia Albisteak Zientzia Zientziaren hedapena Euskadiko kutsadura gaur