Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek bikotekidea hil du Gironan
08:20 aldera jaso dute Esquadra Mossoek larrialdi deia. Antza denez, biktimaren alabak etxera iristean topatu du gorpua. Erasotzaileak ez du oztoporik jarri atxilotzeko unean.
Agentziak | Erredakzioa
Gizon batek bikotekidea hil du larunbat goizean Olot herrian (Girona), beren etxebizitzan. Hildakoak indarkeria zantzuak zituen, eta erasotzaileak ez du oztoporik jarri atxilotzeko unean.
Ikerketa iturriek zabaldutako informazioaren arabera, 08:20 aldera jaso dute Esquadra Mossoek larrialdi deia. Antza denez, biktimaren alabak etxera iristean topatu du gorpua.
Esquadra Mossoek hildako emakumearen bikotea, 38 urteko gizonezkoa eta Espainiako Poliziako agentea, atxilotu dute, heriotzarekin zerikusia duelakoan. Gizonezkoa biktimaren etxean zegoen atxilotu duten unean.
Oloteko Udalak hiru eguneko dolua ezarri du herrian, eta hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratzea deitu du arratsalderako (20:00etan).
Era berean, Kataluniako Gobernuak agiri bat zabaldu du, hilketa gaitzetsi eta senideei babesa adieraziz.
__________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.