Gizartea -
Genero indarkeria
Gizon batek bikotekideari eraso egin dio Gasteizen
Emakumeak salatu duenez, eztabaida baten ondotik iritsi da erasoa. Dirudienez, biktima nekez mugi zitekeen eta arnasteko arazoak zituen, gizonak besoetatik eta lepotik indarrez heldu diolako.
EiTB.EUS
Ertzaintzak 34 urteko gizon bat atxilotu du gauerdian Gasteizen, genero indarkeria delitua leporatuta, ustez bikotekideari eraso egiteagatik. Koroatzearen auzoko etxebizitza batean gertatu da erasoa, eta horren ondorioz, emakumea ospitalera eraman behar izan dute.
00:00ak baino minutu batzuk geroago izan du Ertzaintzak erasoaren berri. Antza denez, emakumea leihotik garrasika hasi da, bikotekidea bera kolpatzen ari zela esanez.Hori jakinda, agenteak etxebizitzara gerturatu dira. Bertan, biktimaren pisukide batek ireki die atea, logelaka alokatzen duten etxebizitza bat omen delako. Orduan, emakumeak lepoaldean zauriak zituela ikusi dute.
Azken honek, gizona salatu du. Salaketan kontatu duenez, eztabaida baten ondotik iritsi da erasoa. Dirudienez, biktima nekez mugi zitekeen, eta arnasteko arazoak zituen, gizonak besoetatik eta lepotik indarrez heldu ziolako. Azkenik, baina, leihora hurbildu eta laguntza eskatzeko aukera izan du.
Zauriak artatze aldera, emakumea Santiago Ospitalera eraman dute anbulantzian, eta gizona atxilotu egin dute. Goizean, epailearen aurrean deklaratu du.
___________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.