Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Iruñeko Udala herri-akusazioa izango da sexu-erasoaren auzian

Biktimaren eskubideak babestu nahi ditu Udalak, "larritasun bereziko" auzi batean. Hiru gizon atxilotu dituzte, drogatu zuten emakume bat sexu-harremanak izatera behartzea leporatuta.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñean izandako sexu-erasoaren auzian herri-akusazioa izateko idatzia aurkeztu du Nafarroako hiriburuko Udalak, 2. Instrukzio Epaitegian eginbideak abiatu dituztela baieztatuta.

Udalak esan duenez, erabakiak biktimaren eskubideak babestea du helburu, Nafarroako hiriburuan izandako "larritasun bereziko" gertakizunetan.

Gertatutakoa gaitzesteko, Udalak ezohiko Bozeramaileen Batzordea deitu du asteazkenean.

Aurreko astean, Espainiako Poliziak hiru gizon atxilotu zituen, Iruñeko Alde Zaharreko etxebizitza batean emakume gazte bat sexu-harremanak izatera behartzera leporatuta, norbaitek edarian substantziaren bat bota ostean.

Udalaren arabera, erasoa sei pisuko eraikin batean gertatu zen. Udalarenak dira horietako lau, eta bi pribatuak dira. Gainera, zenbait pertsona legez kanpo bizi dira bertan.

Urtarriletik prozesu judizial bat dago irekita, Udalak eskatuta, etxebizitzaren erabateko erabilpena berreskuratzeko helburuarekin. Alde Zaharreko bizilagunei ostatua emateko birgaitu nahi dituzte etxebizitzak.

Astelehenean epailearen esku geratu ziren hiru gizonak. Oraindik ez dute baztertu pertsona gehiago inplikatuta egotea.

Biktimari "erabateko babesa" adierazi dio Udalak, eta "errespetu handia" eskatu du, bere eskubideak eta identitatea babesteko.

Gertakizunak baieztatzen direnean, Udalak udal baliabideak jarriko ditu biktimaren esku, mota honetako auzietan jarraitzen duen protokoloa beteta.

Gainera, Iruñeko Udalak sexu-erasoen kontrako konpromisoa adierazi du, eta emakumeek berdintasunik eza sufritzen dituzten askotariko egoeratan jarraitzeko konpromisoa azpimarratu du.

Sumarioaren sekretua ezarri denez, "zuhurtzia" eskatu du Iruñeko Udalak, eta "egiaztatu gabeko informazioak saihestea" eskatu du.

________________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Indarkeria matxista Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Iruñeko Udala Sexu erasoak