Gizartea -
Auzitegi Gorena
Urdulizko ospitaleko zerbitzu osagarriak langile propioekin bete beharko dituzte
Garbiketa, ikuztegi eta sukalde zerbitzuak kanpora ateratzeko Osakidetzaren nahiaren aurka egin du Gorenak, CCOO sindikatuak jakitera eman duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Urdulizko ospitaleko garbiketa, ikuztegi eta sukalde zerbitzuak langile propioekin bete beharko dituztela berretsi du Auzitegi Gorenak, CCOO sindikatuak astearte honetan agiri batean jakinarazi duenez.
Horrenbestez, Gorenak ez du Osakidetzak aurkeztutako kasazio-errekurtsoa onartu, eta berretsi egin du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) aurretik emandako autoa.
EAEko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak CCOO eta ESK sindikatuek aurkeztutako helegiteak onartu zituen. Garbiketa, ikuztegi eta sukalde zerbitzuen kontratuetako agiriak errekurritu zituzten sindikatuek, eta, ondorioz, lizitazioak bertan behera geratu ziren.
EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzien salaren aurrean erabaki hori errekurritu zuen Osakidetzak, baina alegazio nagusiak atzera bota zituen Auzitegiak, agirien baliogabetzea berretsiz.
CCOOren hitzetan, Gorenaren erabakiak bertan behera utzi du zerbitzuok kanpora ateratzeko Osakidetzaren nahia.