Gizartea -
Sei zauritu
Santurtziko borrokarekin lotuta atxilotutako bat espetxera bidali du epaileak
Hiru atxilotuak epailearen esku jarri dituzte astearte goizean, Barakaldoko guardiako epaitegian. Beste biak libre karguekin utzi ditu epaileak.
Agentziak | Erredakzioa
'After' baten kanpoaldean borroka bat izan zen igandean, Santurtzin. Sei pertsona zauritu zituzten liskarrean. Hiru pertsona atxilotu zituzten. Horietako bat espetxera bidali du epaileak, eta beste biak libre karguekin utzi ditu.
Borroka Itsasalde kaleko diskoteka batean gertatu zen. Bost gizon eta emakume bat zauritu ziren labankaden ondorioz, horietako hiru osasun zentroetara eraman behar izan zituzten.
Dirudienez, hiru atxilotuen jokaera "harroputz eta probokatzaileak" liskarra eragin zuen; izan ere, gainerako bezeroei "une zehatz batean eta aparteko arrazoirik gabe, labanekin eraso egin zieten", Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur jakitera eman duenez.
Zaurituak artatu ondoren, Ertzaintzak inplikatuen testigantzak bildu eta hiru gizon atxilotu zituen. 27 eta 29 urte bitarteko atxilotuak ere artatu behar izan zituzten, borrokan zehar makadura arinak jaso zituztelako.
Bi gizon eta emakume bat Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan zituzten, baina zauriek ez zuten ezinbesteko organorik harrapatu.
Bi atxilotuk aurrekariak dituzte. Hiru atxilotuak epailearen esku jarri dituzte astearte goizean, Barakaldoko guardiako epaitegian. Bat espetxera bidali du epaileak; beste biak, ostera, libre karguekin utzi ditu.