Gizartea -
Bizkaia
'Babesa' eskatu du Barakaldoko ikastetxean erasoa jaso zuen amak
Halaber, haren seme-alabentzako segurtasunik ez dagoela salatu du.
Agentziak | Erredakzioa
"Babesa" eskatu du Barakaldoko (Bizkaia) ikastetxe batean atzo (asteartea) bi familiaren artean izandako borrokan zauritutako amak. Heriotza mehatxua egin dietela eta semeari ikastetxean "beste jipoi bat ematea" saihestearren eraso egin zietela salatu du.
"Bakarrik utzi gaituzte, inork ez gaitu laguntzen", esan du. Halaber, haren seme-alabentzako segurtasunik ez dagoela salatu du. Europa Press albiste agentziari amak adierazi dionez, "hilabete batzuetatik ona" seme-alabak "beldurtuta" daude ikastetxean zenbait umeren aldetik "etengabeko" erasoak jasaten dituztelako. Bestalde, "eskola-jazarpen prozedura zabaldu arren, ez du ezertarako balio izan", azaldu du.
"Hezkuntza Sailarekin hitz egiten saiatu dela" deitoratu du; ildo horretan, Barakaldoko Kultura zinegotziarekin eta ikastetxeko zuzendaritzarekin bildu dela azpimarratu du, "baina inork ez gaitu laguntzen", salatu du.
Haren esanetan, astelehenean erasoa jaso zuen "zenbait umek semeari jipoia ez ematea saihestu zuelako"; eta, familia osoari heriotza mehatxua ere egin zietela gaineratu du.
Ertzaintzari gertatutakoa jakinarazi arren, "mehatxuak baino ez direla eta ez zela ezer gertatuko" erantzun zioten; asteartean, alabaina, haurrak ikastetxera eramaterakoan "gure zain zeuden labana eta guzti"; horrenbestez, atezainaren gelan sartu behar izan ginen irakasle batekin.
"Atea eusten saiatzen ginen bitartean hura lehertzen saiatzen ziren; leihoetako kristalak apurtu zituzten eta horiekin eraso egin ziguten. Su-itzalgailu bi hustu zizkiguten gainean, eta senarrak bi labankada jaso zituen", deitoratu du. "Ikastetxean inork ez gintuen lagundu, denak ezkutatu baitziren eta bakarrik gelditu gienen", azaldu du. Gainera, "Ertzaintzak 15 minutu baino gehiago eman zituen bertaratu arte", esan du.
Ertzaintzaren arabera, 24 eta 26 urteko bi anai atxilotu zituzten atzo arratsaldean zauritutako familiari eraso egitea egotzita. Gainera, hiru lagun zauritu ziren.
Cristina Uriarte sailburuaren hitzetan, Hezkuntza Saila "ikastetxean kohesio soziala sustatzeko lanean ari da". Halaber, ikasleak babesteko, ikastetxeko zuzendaritzarekin zein bi familiekin bildu direla azaldu du.