Gizartea -

ARABA

Hil egin da Gasteizen bere etxeko atarian erasoa jasan zuen emakumea

Gaur-gaurkoz ez dute inor atxilotu. Ertzaintzak erasoa ikertzen jarraitzen du, ustezko erasotzaileak harrapatzeko.

Santiago Ospitalea, Gasteizen. EiTBren bideo batetik hartutako irudia
Santiago Ospitalea, Gasteizen
Santiago Ospitalea, Gasteizen. EiTBren bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizen, hil egin da igandean bere ezkaratzeko igogailuan erasoa jasan zuen 75 urteko emakumea. Antza, bi gaztek eraso zioten, lapurreta saiakera batean.

Emakumea eguerdia baino minutu batzuk lehenago zendu da, Santiago ospitalean.

Erasoa 16:30 inguruan gertatu zen Aranbizkarra auzoko Hortaleza kaleko 3. atarian, emakumea bizi den tokian.

Antza denez, bi gazte bere atzetik sartu ziren atarian, eta elkarrekin sartu ziren igogailuan. Bertan, hainbat kolpe eman zizkioten eta aldean zeramana lapurtu zioten. Emakumea lurrean gelditu zen, zaurituta, eta erasotzaileek eskaileretatik barrena ihes egin zuten. Ihesean, biktimaren poltsa hirugarren solairuan bota zuten.

Bizilagunek emakumearen oihuak entzun zituzten, eta laguntzera joan ziren. Biktima 17:15ean ospitaleratu zuten. Gerora, erietxean zegoela, konortea galdu zuen, eta zaintza intentsiboen unitatean sartu zuten, larri. Bi egun egin ditu bertan, harik eta gaur hil den arte.

Oraindik ez dute inor atxilotu, baina Ertzaintza bi erasotzaileen bila ari da.

Bestalde, Aranbizkarra auzoko Zazpigarren Alaba auzo elkarteak gogor gaitzetsi du erasoa, eta, prebentzio neurri gisa, polizia gehiago eskatu du.

Ertzaintzak herritarren laguntza eskatu du erasoaren nondik norakoak argitzeko.

Bestalde, Gasteizko Udalak erasoa gaitzesteaz gain, solidaritatea helarazi dio hildako emakumearen familiari.

Halaber, bost minutuko elkarretaratzea deitu du bihar (asteazkena), 12:45ean, Urrezko Zeledonen plazan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Ertzaintza Araba Delituak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gasteiz albisteak Gaurko azken ordukoa