Gizartea -

ARABA

Ertzaintzak herritarren laguntza eskatu du Gasteizen hil den andrearen harira

Gasteizko Udalak erasoa gaitzetsi eta bost minutuko elkarretaratzea deitu du asteazkenean, 12:45ean, Urrezko Zeledonen plazan.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak herritarren laguntza eskatu du Gasteizen hildako emakumearen erasoaren nondik norakoak argitzeko. 75 urteko emakumeak bere ezkaratzeko igogailuan erasoa jasan zuen igandean. Antza, bi gaztek eraso zioten, lapurreta saiakera batean eta Ertzaitnza bi horien bila ari da.

Emakumea eguerdia baino minutu batzuk lehenago zendu da, Santiago ospitalean.

Erasoa 16:30 inguruan gertatu zen Aranbizkarra auzoko Hortaleza kaleko 3. atarian, emakumea bizi den tokian.

Antza denez, bi gazte bere atzetik sartu ziren atarian, eta elkarrekin sartu ziren igogailuan. Bertan, hainbat kolpe eman zizkioten eta aldean zeramana lapurtu zioten. Emakumea lurrean gelditu zen, zaurituta, eta erasotzaileek eskaileretatik barrena ihes egin zuten. Ihesean, biktimaren poltsa hirugarren solairuan bota zuten.

Bizilagunek emakumearen oihuak entzun zituzten, eta laguntzera joan ziren. Biktima 17:15ean ospitaleratu zuten. Gerora, erietxean zegoela, konortea galdu zuen, eta zaintza intentsiboen unitatean sartu zuten, larri. Bi egun egin ditu bertan, harik eta gaur hil den arte.

Gasteizko Udalak erasoa gaitzesteaz gain, solidaritatea helarazi dio emakumearen familiari.

Halaber, bost minutuko elkarretaratzea deitu du bihar (asteazkena), 12:45ean, Urrezko Zeledonen plazan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Ertzaintza Araba Delituak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gasteiz albisteak Gaurko azken ordukoa