Gizartea -

Trafiko operazio berezia

450.000 joan-etorri espero dira Aste Santuan EAEko errepideetan

13:00etan jarriko da martxan Aste Santuko operazio berezia. Ertzaintzaren 200 agentek zainduko dute trafikoa, gidariei zuzendutako informazioa areagotuko da eta kamioiei joan-etorria mugatuko zaie.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aste Santuko oporraldia dela eta, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Trafiko Zuzendaritzak operazio berezia abiatuko du gaur (apirilak 20), 13:00etan.

Trafiko Zuzendaritzaren arabera, Aste Santuan 450.000 joan-etorri izango dira EAEko errepideetan.

Ertzaintzaren 200 bat agentek trafikoaren segurtasun eta arintasuna bermatzea izango dute helburu. Era berean, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak operadore gehiago jarriko ditu lanean eta 902112088 telefonoaren bidez gidariei ematen zaien informazioa ere areagotu egingo du.

Halaber, zama handia edota material arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuei zirkulazioa mugatuko zaie joan-etorri gehien espero diren egunetan.

Aste Santuko trafiko operazio bereziaren irteera fasea gaur, asteazkena, abiatuko da 13:00ak eta 24:00ak bitartean eta bihar, osteguna, jarraituko du goizeko 08:00etatik arratsaldeko 15:00ak arte.

Itzulera fasea, bestalde, apirilaren 25ean burutuko da arratsaldeko 15:00ak eta gaueko 24:00ak bitartean.

Bide itzulgarria A-8an

Trafikoa kudeatzeko hartutako ohiko neurriei aurten beste bat gehitu behar zaie. A-8 autobidean, Ugaldebieta eta Liendo artean, Kantabriarako norantzan, bide itzulgarria jarriko dute martxan gaur, asteazkena, 14:00etatik 22:00etara eta ostegunean (apirilak 21) 9:00etatik 15:00etara gutxi gorabehera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea