Gizartea -
Manifestazioa, ekainaren 2an
Hainbat talde eta alderdi batu dira Bardeako tiro eremuaren aurkako manifestaziora
Igandean, 11:30ean egingo dute tiro eremura arteko protesta ibilbidea, instalazio militarraren itxiera aldarrikatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hainbat gizarte talde, alderdi politiko, sindikatu eta elkarte batu dira ekainaren 2an Bardeako tiro eremuaren aurka egingo duten manifestaziora.
Hain zuzen ere, talde antimilitarrek eta ekologistek ez ezik, etorkinen babeserako erakundeek, CCOO, ELA, STEILAS eta ESK sindikatuek eta Barcelona en comu, Batzarre, Chunta Aragonesista, Geroa Bai, EB, EAJ, I-E eta Podemos alderdiek egin dute bat protesta horrekin, baita Nafarroako 28 udalerritako zinegotziek ere.
Prentsaurreko batean, Milagros Rubio bozeramaileak adierazi du 1951an ireki zutela tiro eremua, eta gaur egun Espainiako Aire Armadak duen gisa horretako instalazio militar bakarra dela. Gainera, NATOk Europan gehien erabiltzen duen tiro eremua omen da.
"Demokraziaren iritsierak ez zituen gauzak aldatu", esan du, "urteen joan-etorrian gobernu ezberdinetako ordezkariek hitzarmena berritu baitute". "PSOE tiro eremuaren aurka azaldu zen oposizioko alderdia zenean, baina boterea hartu zuenean jarrera aldatu eta hitzarmena berritu zuen".
Rubiok nabarmendu duenez, tiro eremua natur parke batean dagoen "zulo beltz" bat da, eta geroz eta ohikoagoa da soldaduak bertan maniobratan aritzea.
Hori guztia salatzeko, igandean Bardeako informazio zentroan bilduko dira manifestariak, 11:30ean. Ordu erdi geroago, lau kilometroko ibilbidea egingo dute, tiro eremura arte, non komunikatu bat irakurriko duten, instalazio militarraren itxiera aldarrikatzeko.