Gizartea -

Nazioarteko Justizia Auzitegia

Abokatu talde batek EBren immigrazio politika salatu du Hagan

Konkretuki, Mare Nostrum eta Triton operazioak salatu dituzte. Lehena Italiak bultzatu zuen 2014ko azarora arte, eta bigarrena, Europar Batasunak, Frontex agentziaren bidez.

Pertsona migratzaileak Tarfian. Artxiboko argazkia: EFE
Pertsona migratzaileak Tarfian.
Pertsona migratzaileak Tarfian. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuna (EB) Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiaren aurrean salatu du abokatu talde batek astelehen honetan. Abokatuek aurkeztutako txostenaren arabera, Mediterraneoan etorkinak erreskatatzeko operazioek "gizateriaren aurkako krimenak" izan dituzte ondorio.

"Krimenak egin zituztela frogatzeaz gain, biztanle zibil zehatzak helburu zituzten politika sistematikoak izan zirela frogatuko dugu", esan du Omer Shaltz abokatuak.

240 orrialdeko salaketak etorkinak Mediterraneoan erreskatatzeko bi operazio ditu hizpide: Italiak 2014ko azarora arte bultzatu zuen Mare Nostrum, eta EBk gero Kostazainen Europako Agentziaren (Frontex) bidez martxan jarritako Triton.

Frontexek eta Europako Batzordeak bazekiten Mare Nostrum operaziotik Tritonera pasatzeko trantsizioak "Mediterraneoa toki hilgarria bihurtu" behar zuela, Shaltzek adierazi duenez. Salaketaren arabera, 14.500 bat etorkin hil ziren 2014ko urtarrila eta 2017ko amaiera bitartean.

"Horren berri zuten, izan zitekeen biktimen kopurua agirietan zenbatu zuten, eta onartu egin zuten", esan du abokatuak, "beste etorkin batzuek Mediterraneoa gurutzatzeari uzteko".

Agiriak Wikileaksen bidez bildu dituzte, baina Europako Batzordearen adierazpen publikoak eta erreskateetako lekukoen testigantzak ere jasotzen ditu salaketak, abokatuak nabarmendu duenez.

"Horren berri zuten, izan zitekeen biktimen kopurua agirietan zenbatu zuten, eta onartu egin zuten"

Salatzaileen ahotan, Frontexek Libiako kostaldea zaintzeari utzi zion, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 2012an epaia igorri ondoren. Mediterraneoan erreskatatutako etorkinak Europara ekartzera eta oinarrizko eskubideak errespetatzera behartu zituen EBko estatuak sententzian.

Libiako kostaldetik urruntzearekin, epaia bete behar izatea saihestu zuten Frontexeko ontziek, eta erreskateak Libiako kostazainen eskuetan utzi zituzten. EBk Libiako kostazainak finantzatu eta trebatu ditu, etorkinak Afrikara itzultzeko eta atxiloketa zentroetan atxikitzeko.

Horrela, gizateriaren aurkako bi krimen egin dituzte, gutxienez: biztanleriaren nahitaezko lekualdaketa eta atxiloketa bidegabea (Erromako Estatutuan jasota daude biak).

"EBren babes material eta estrategikorik gabe, Libiako kostazainak ez ziren existituko. Euren ekarpena funtsezkoa izan da krimenak egiteko", azpimarratu du Shaltzek. Juan Branco abokatuak ere hartu du parte salaketan.

"EBren babes material eta estrategikorik gabe, Libiako kostazainak ez ziren existituko"

NBEko Segurtasun Batzordeak Libiako gatazka armatua Hagaren esku jarri zuen 2011ko otsailean. Ordutik, militarrak eta milizietako buruzagiak atxilotzeko aginduak eman ditu Fiskaltzak.

"Miliziekin zerikusia duten pertsona trafikatzaileak ez ezik, erantzukizun handieneko eragileak ere begiz jotzea eskatzen diogu Fiskaltzari", azaldu du abokatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Migrazioa NBE bideoak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Abokatuak Errefuxiatuak Nazioarteko Zigor Auzitegiaren epaiak Giza eskubideak