Gizartea -
Euskalmeten datuak
Aurtengo maiatza, mende honetako bigarren hotzena
2013an bakarrik erregistratu ziren tenperatura hotzagoak. 1981-2010 epeko batez bestekotik 1,3 ºC beherago kokatu da pasadan hilabeteko tenperatura.
Agentziak | Erredakzioa
Meteorologikoki markak hautsi ditu igaro berri dugun maiatzak. Izan ere, Euskalmetek gaur eman dituen datuen arabera, mende honetako bigarren hotzena izan da (errekorra 2013ko maiatzak du oraindik, dena den). Hala, 1981-2010 epeko batez bestekotik 1,3 ºC beherago kokatu da pasadan hilabeteko tenperatura.
Euskal Meteorologia Agentziak zehaztu duenez, maiatzaren 6an erregistratutako tenperatura minimoak Euskadiko barnealdean azken mendean hilabete horretan zenbatutakoen artean hotzenetarikoak izan dira. Adibide gisa aipatu dituzte Iturrietan neurtutako - 4,6 ºC-ak, edota Agurainen izandako - 3,5 ºC-ak (biak Araban).
Izotza ere bota du maiatzean, urte sasoi horretan batere ohikoa ez bada ere. Txanponaren beste aldean, ez du sargori egin: egun bakarrean gainditu ziren 30 ºC-ak, maiatzaren 31n. Hotza izanagatik, intsolazioa altua izan da (ohikoa dena baino % 10-15 altuagoa).
Prezipitazioari dagokionez, alde handiak izan dira eskualdeen artean. Orokorrean, hilabete normal-lehorra izan da, baina Gipuzkoa ipar-ekialdean, "oso hezea" izan da maiatza. Eskasen eta Añarben, hurrenez hurren, 432,1 eta 320, 5 litro metro koadro izan dituzte pilatutako prezipitazioan.
Araban, aldiz, ohikoak baino kopuru txikiagoak erregistratu dituzte: minimoak Tobillasen (24,3 l/m²) eta Moredan (27,2 l/m²) neurtu dituzte.
Euria egin zuen egunei erreparatuta ere, ezberdintasunak daude. Kostaldean 12-15 egun artean izan dituzte (batez bestekotik gora); Arabako Lautadan, 10; Arabako Errioxan, 5 (batez besteko halako bost).
Eguraldi makurreneko egunak maiatzaren 18 eta 19a izan ziren. Gogotik egin zuen euria Gipuzkoa ipar-ekialdean, eta ondorioz, uholdeak eta lur-jausiak izan ziren Errenterian, Hernanin edo Lezon.