Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon, genero indarkeriagatik
Emakume banari eraso egiteagatik atxilotu ditu Ertzaintzak. Biak osasun zentroetan artatu behar zituzten.
Agentziak | Erredakzioa
Bi gizon atxilotu ditu Ertzaintzak Bilbon, genero indarkeria delituekin lotuta.
Asteartean, Bilbo Zaharrean, zenbait lekukok Poliziari ohartarazi zioten gizon bat emakume bat jotzen ari zela. Gurpildun aulki batean zegoen emakumea lurrera bota zuen gizonak, eta telefono mugikorra kentzen saiatu omen zen.
Ertzaintzak 44 urteko gizona, emakumea eta erasoaren berri eman zuten lekukoak identifikatu zituen. Emakumea osasun zentro batean artatu behar izan zuten, kontusio eta urradurekin.
Egun berean, asteartean, Ertzaintzak beste gizon bat atxilotu zuen bikotekide ohia jotzeagatik.
San Frantzisko auzoan, 48 urteko gizonak emakumea kolpatu zuen, eta metalezko makila batekin jotzen saiatu zen. Biktima osasun zentro batean artatu zuten.
Bi atxilotuak epailearen esku geratu dira.
_____________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.