Gizartea -
3.000 landare
Marihuana laborategi bana desegin dute Muxikan, Gatikan eta Galdakaon
Guardia Zibilak bost lagun atxilotu ditu Bizkaian, droga trafikoa eta argindarra legez kanpo hartu izana egotzita.
eitb.eus
Guardia Zibilak hiru marihuana laborategi desegin ditu Bizkaian; Muxikan, Gatikan eta Galdakaon, hain zuzen. Gainera, bost lagun atxilotu dituzte; batetik, droga trafikoa egotzita, eta bestetik, argindarra legez kanpo hartu izana leporatuta.
Urtarrilean abiatu zuten ikerketa Guardia Zibileko agenteek, herrialde horietan ustez marihuana landatzen eta droga trafikoan ari zirela jakin eta gero. Horrenbestez, zaintza operatiboa abian jarri zuten landareak zehatz mehatz non zeuden jakina ahal izateko.
Muxikan, esaterako, hiru solairuko baserri batean zegoen ekoizpen gunea eta horretan bi gazte bizi ziren. Marihuana erabat ezkutatu zegoen segurtasun neurri handien artean.
Gatikan, berriz, behi, eper eta oiloen abere-estalgune batean ezkutatua zegoen marihuana, 11 txakur arriskutsuren artean, zaintzaile gisa.
Hirugarren laborategia, antzemandako handiena, industria-nabe baten barruan zegoen. Guardia Zibileko agenteek lau ate blindatu zeharkatu behar izan zituzten marihuana landareak aurkitzeko.
Polizia bat, laborategira heltzeko ate blindatu bat apurtzen. Argazkia: Guardia Zibila
Hiru laborategien artean 3.000 marihuana landare baino gehiago konfiskatu dituzte, gehien bat, biltzeko prest zeuden landareak gainera. Erabat hazitako landare batek 100 eta 200 gramo arteko droga ematen du. Landareok, zenbaitetan, metro eta erdiko garaiera daukate.
Bestalde, ikerketan parte hartu duten elektrizitate konpainiako adituen arabera, argindar kopuru handia lapurtu zuten landareak argiztatzeko, 200 etxebizitzek erabiliko zuten adina.
Argazkiak: Guardia Zibila