Gizartea -
Hezkuntza
Gasteizko eskola segregazioaren aurrean Jaurlaritzaren 'utzikeria' salatu dute
Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak Blanca Guerrero Arabako Hezkuntza ordezkariaren dimisioa eskatu du berriro.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko zentro publikoetan ematen ari den segregazio "gero eta handiagoaren" aurrean Eusko Jaurlaritzaren "utzikeria" eta "moteltasuna" salatu ditu Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak. Blanca Guerrero Arabako Hezkuntza ordezkariaren dimisioa eskatu du berriro.
Plataformak, besteak beste, gurasoen eta zuzendarien elkarteak eta sindikatuak biltzen ditu. Plataformako ordezkariek prentsaurrekoa eman dute. Matrikulazio datuen berri emateaz gain, ostegunerako martxa bat deitu dute agerraldian.
Maite Huarte eta Manolo Martinez kolektiboko bi bozeramaileek azaldu dutenez, gutxienez gurasoetako bat atzerritarra duten ikasleen matrikulazio datuei begiratuta, 2018-2019 ikasturtean % 83 eskola publikoan dago, eta % 17 bakarrik itunpekoan.
Gainera, haur eta lehen hezkuntzako 32 zentro publikoetatik, 22k ikasle horien kontzentrazioa dute (% 30 baino handiagoa). Horietako 15etan % 50 baino gehiago dira ikasle mota horiek, eta 10 eskola publikotan % 70 baino gehiago.
Bestalde, hiriko itunpeko 19 ikastetxeetatik "bakar bat ere" ez da % 20ra heltzen, eta 11 ezta % 10era ere, erantsi dutenez.
'2009-2017 Gasteizko Hezkuntzaren Egoera' Euskal Herriko Unibertsitateak egindako azken azterketako datuak ere aipatu dituzte bozeramaileek. Indize Soziekonomiko eta Kulturala (ISEC) itunpeko sarean Euskadiko batezbestekoa baino handiagoa da Gasteizen. Bitartean, Arabako hiriburuaren ikastetxe publikoek batezbestekoa baino ISEC txikiagoa dute.
"Gasteizko zentro publikoen ISEC batezbestekoa itunpeko ikastetxeena baino zortzi puntu txikiagoa da", esan du Huartek.
Plataforma duela laur urte Gasteizko eskola segregazioa salatzen hasi zenetik, egoerak "okerrera" egin duela ziurtatu du Martinezek. Bozeramailearen hitzetan, Eusko Jaurlaritzaren "erabateko geldotasunaren" ondorioz jatorri atzerritarreko ikasleen kontzentrazio "artifiziala" institutuetara heltzen ari da, eta litekeena da datozen urteetan areagotzea.
Horregatik, eskola segregazioaren aurkako eta eskola publikoaren aldeko martxan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Ostegunean egingo dute. Guerrerori "herri epaiketa" egingo diote, eta "errudun joko" dute "utzikeriagatik, eskola publikoa abandonatzeagatik eta itunpeko hezkuntzaren alde jokatu izanagatik".