Gizartea -
Gerran harrapatuta
Boli Kostan harrapatutako arrantzalea bihar helduko da Euskadira
Aitor Fernandez eta bere emaztea gatazka armatuan harrapaturik geratu ziren apirilaren 2an. Hala ere, bikotearen semea ez da beraiekin etorriko oraindik beharrezko agiriak ez dituelako.
Erredakzioa
Aitor Fernandez Bermeoko (Bizkaia) arrantzalea eta bere emaztea Euskadira helduko dira larunbat honetan Boli Kostatik. Laurente Gbagbo presidente ohiaren eta Alassane Ouattara agintariaren jarraitzaileen arteko gatazka armatuan harrapaturik geratu ziren.
Hala ere, bikotearen semea ez da beraiekin etorriko, Europan sartzeko beharrezko baimenak lortu ez dituztelako oraindik. Haurra Ghanara eramango dute, bertan amona zain baitauka. Bien bitartean, jadanik Euskadin, umearen agiriak lortzen saiatuko dira gurasoak.
Abdijango (Boli Kostako hiriburu ekonomikoa) etxebizitzan harrapaturik geratu zen Fernandezen familia apirilaren 2an. Kaleak gerra zibilean murgilduta, aste beteko izua pasatu zuten etxean, eta zazpi egun geroago, Frantziaren base batera eraman zituzten, Parisera lekualdatzeko zain.
Espainiako enbaxadaren jarrera salatu zuen Bermeoko gazteak, izan ere, arrantzalea ekartzeko ardura hartu zuen, baina emaztea eta bost urteko semea at utzi zituen, Fernandezek Euskadi Irratian azaldu zuenez.