Gizartea -

2019ko lehen hiruhilekoa

Genero indarkeriaren salaketek behera egin dute EAEn, baina gora Nafarroan

Hala, biktimen tasa 12,5koa izan zen EAEn, eta apur bat handiagoa (14,62) Nafarroan —betiere 10.000 emakumeetatik—.

Genero indarkeria
Genero indarkeria
Genero indarkeria

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Genero indarkeria dela eta, EAEn eta Nafarroan 1.407 eta 480 salaketa aurkeztu zituzten emakumeek, hurrenez hurren, 2019ko lehen hiruhilekoan, Botere Judizialeko Kontseilu Orokorrak Genero eta Etxeko Indarkeriaren Behatokiaren baitan jasotako datuen arabera. Iazko epe berarekin alderatuta, EAEn behera egin dute salaketa kopuruek (% 1,3 gutxiago); Nafarroan, berriz, gora ( % 7,9).

Dena dela, genero indarkeriaren biktima diren emakumeak (bikotekideek edo bikotekide ohiek egindakoa) gora egin zuten bi erkidegoetan: % 3,1 EAEn, eta % 9,3 Nafarroan.

Hori horrela, biktimen tasa 12,5koa izan zen EAEn, eta apur bat handiagoa (14,62) Nafarroan —betiere 10.000 emakumeetatik—.

Bestalde, euren bikotekide edo bikotekide ohiaren kontra ez deklaratzeko duten eskubidea baliatu zuten emakumeei dagokienez, nabarmen egin zuen behera kopuruak Nafarroan (% 56,9), baina gora EAEn: % 11,6.

Urruntze aginduak eta zigorrak

Urruntze aginduei dagokienez, EAEn 188 izan ziren (iaz baino % 2,7 gehiago): 123 onartu zituzten, eta 65, baztertu. Nafarroan, bestalde, 80 izan ziren (iaz baino % 24 gutxiago): 63 onartu zituzten, eta 17, baztertu.

EAEn, 268 gizonezko auzipetu zituzten (2018ko epe berean, 291, hots, % 9,6 gutxiago). Auzipetuetatik % 92,4 zigortu zituzten. Nafarroan, 44 gizonezko auzipetu zituzten (2018an, 42), ia denak (42, % 95,5) zigortu egin zituzten.

Estatuko datuei dagokienez, salaketa kopurua % 1,9 hazi zen (guztira, 39.586) eta biktimen kopuruak ere gora egin zuen (% 2,1), betiere 2018ko epe berarekin alderatuta. 

Bikotekide edo bikotekide ohiaren kontra deklaratzeari uko egin zuten emakumeei dagokienez, % 10etik behera kokatu da lehen aldiz.

_________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Emakumeak tratu txarrak Indarkeria matxista Euskal Autonomia Erkidegoa Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa