Gizartea -

Errenteriako gizonaren hilketa

Atxilotuari azterketa psikiatrikoa egingo diote

Susmagarriari egindako azterketen ondorioak epaileari igorriko dizkiote, eta datozen orduetan argitara emango dituzte.

Erasoa izan zen tokia, Donostian. Argazkia: EiTB.
Erasoa izan zen tokia, Donostian
Erasoa izan zen tokia, Donostian. Argazkia: EiTB.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errenteriako (Gipuzkoa) gizonaren hilketarekin zerikusia duelakoan atxilotutako pertsona Donostia Ospitalera eraman dute larunbat honetan, azterketa psikiatrikoa egiteko. Epailearen agindua izan da, goizean atxilotua haren esku jarri ondoren.

Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, susmagarriari egindako azterketen ondorioak epaileari igorriko dizkiote, eta datozen orduetan argitara emango dituzte. Bitartean, gizonak atxiloturik jarraituko du.

Igandean Donostiako Gros auzoan erasoa jaso eta astelehenean ospitalean hil zen 61 urteko gizonaren kasuari lotuta, ostiral honetan beste gizon bat atxilotu zuen Donostiako Udaltzaingoak. Gaur goizean epailearen aurrera eraman dute, eta epaileak deklarazioa hartu dio.

Udaltzaingoak jakinarazi duenez, Ertzaintzarekin batera astean zehar abiatutako ikerketari esker egin zuten atxiloketa.

Ertzaintzak beste gizon bat atxilotu zuen asteazkeneko kasuari lotuta zegoelakoan, baina kargurik gabe aske utzi zuten beranduago, epaileak hala aginduta.

Jose Luis Lancha 61 urteko errenteriarra astelehenean hil zen, erasoan eragin zizkioten zauri larrien ondorioz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Erailketak albisteak Errenteria argazkiak