Gizartea -

'LA MANADA' AUZIA

Sarasate: 'Bortxaketa salaketari eusteko froga asko genituen'

'La Manada' auziko fiskalak hasieratik defendatu izan du 'bortxaketa' egon zela, eta 'pozik' agertu da Auzitegi Gorenaren epaiarekin.

La Manada auziko bost zigortuak. Argazkia: EFE/EiTB.
La Manada auziko bost zigortuak
La Manada auziko bost zigortuak. Argazkia: EFE/EiTB.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elena Sarasate 'La Manada' auziko fiskalak uste du Auzitegi Gorenak joan den astean kaleratutako epaiak Fiskaltzaren tesiak berresten dituela goitik behera.

Nafarroako Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiaren aurka aurkeztutako kasazio-errekurtsoak aztertu, eta La Manadako bost auzipetuei 15 urteko espetxe-zigorra ezartzea erabaki zuten joan den ostiralean Auzitegi Goreneko bost magistratuek saio publikoan, bortxaketa delitua egotzita. Honenbestez, sexu-abusua baztertu zuten, aurreko bi epaimahaiek egin ez bezala.

Sexta TV hedabidean egindako elkarrizketan, fiskala "pozik" agertu da ebazpenarekin, eta "gizartearen presioak" ez duela eraginik izan esan du. Bere hitzetan, "bortxaketa salaketari eusteko froga asko" zituzten, eta Gorenak horiek hartu ditu kontuan.

Biktimak epaiketan egindako deklarazioari buruz galdetuta, Sarasatek adierazi du "lekukotzak epaitzerakoan aurreiritziak" ezin direla kontuan hartu. "Biktimak guztiak ezberdinak dira" eta inori ezion zaio eskatu "biktima batek izan beharko lukeen jarrera" izatea. Bakoitzak egoerei aurre egiteko bere modua duela gaineratu du, La Manadaren biktimak pertsona batek jasan dezakeen "egoerarik zaileenetakoa" pairatu behar izan zuela nabarmenduz.

Hala, biktima kriminalizatzeko egon diren "saiakerak" gogor kritikatu ditu fiskalak, eta haren "errelatoa guztiz koherentea eta sinesgarria" izan zela adierazi du.

"Epaitzen ari garena ez da biktimaren bizimodua edo izateko modua, salatutako pertsona batzuen portaera da epaitu dena. Azken horiek errudunak edo errugabeak diren erabakitzeko frogak jarri dira mahai gainean", zehaztu du.

Gizonen aurkako "kriminalizaziorik" ere ez dagoela esan du Sarasatek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Tratu txarrak Nafarroa Auzitegi Gorena Epaiketak San Fermin jaiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Mundu matxista ‘La Manada’ auzia Sexu erasoak Nafarroako Auzitegi Nagusia gaur