Gizartea -

Epaia

Gorenak 15 urtera igo du La Manadaren aurkako zigorra, bortxaketa zela ebatzita

Dagoeneko Prenda, Escudero, Cabezuelo, Boza eta Guerrero atxilotu dituzte. Biktimarengana hurbiltzerik ez dute izango datozen 20 urteetan, eta 8 urteko zaintzapeko askatasuna ezarri die Gorenak.

Gorenaren epaimahaia, gaurko saioan. Argazkia: EFE
Gorenaren epaimahaia, gaurko saioan.
Gorenak 9tik 15era igo du La Manadaren aurkako zigorra, bortxaketa egotzita

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ia hiru urte geroago, La Manada auziak beste norabide bat hartu du. Nafarroako Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiaren aurka aurkeztutako kasazio-errekurtsoak aztertu eta La Manadako bost auzipetuei 15 urteko espetxe-zigorra ezartzea erabaki dute Auzitegi Goreneko bost magistratuek saio publikoan, bortxaketa delitua egotzita. Honenbestez, sexu-abusua baztertu dute, aurreko bi epaimahaiek egin ez bezala.

Horrela, Jose Angel Prenda, Jesus Escudero, Alfonso Jesus Cabezuelo, Angel Boza eta Antonio Manuel Guerrerori 15 urteko espetxe-zigorra ezarri die Gorenak. Gainera, azkenari beste 2 urteko zigorra ezarri diote 18 urteko Madrilgo gaztearen mugikorra lapurtzeagatik. Gorenak erantsi duenez, Guerrerok mugikorra larderiarekin lapurtu zuela frogatu dute; ondorioz, ez da ebasketa delitua, lapurreta larderiarekin baizik.

Era berean, Gorenak kalte-ordaina areagotu du, eta zigortuek 100.000 euro eman beharko dizkiote biktimari.

Frogatutako gertakariak ikusita, aurreko epaien kalifikazio juridikoa zuzena ez dela uste du Gorenak, kontakizunak "benetako larderia agertoki" bat deskribatu duelako, eta "biktimak ez zuelako sekula baimenik eman".

Espetxe-zigorraz gain, zigortuek biktimarengandik 500 metro baino gutxiagora hurbiltzerik ez dute izango datozen 20 urteetan, baita edonola berarekin harremanetan jartzea ere. Era berean, zigorra bete ondoren, 8 urteko zaintzapeko askatasuna ezarri die Gorenak.

Dagoeneko La Manadako bost kideak atxilotu ditu Espainiako Poliziak.

Erabakia aho batez hartu dute bost magistratuek. Saio publikoa bukatu eta bi ordu baino gehiagoko eztabaida izan dute epaileek. Akusazioen eta defentsen argudioak entzun dituzte aretoan.

Gorenaren ebazpenarekin, La Manadaren aurkako epaia irmoa da jadanik, baina zigorrak aurrera eramateko ardura epaitze-organoak izango du, hau da, Lurralde-auzitegiak. Litekeena da zigortuak laster deitzea, espetxeratzeko agindua emateko.

Nahiz eta oraindik sententzia idatzirik ez egon, Andres Martinez Arrieta, Ana Ferrer, Susana Polo, Vicente Magro eta Andres Palomok (azkenak Francisco Monterde ordezkatu du azken orduan) osatutako epaimahaiak agiri luze eta zabala argitaratu du, erabakiaren arrazoiak azaltzeko.

Horrela, jurisprudentziaren aurrekariak jarraituz, Gorenak erabaki duenez, gertakariak "ez dira sexu-abusua, bortxaketa baizik, ondorioz orain arteko kalifikazio juridikoa ez da zuzena izan".

Gorena: "Biktimak ez zuen sekula baimenik eman"

"Ikara" egoerak biktima "menderatze jarrera hartzera bultzatu zuen, erasotzaileek esandakoa betez, larritasun eta urduritasunak jota; izan ere, irteerarik gabeko toki gorde eta mehar batean indarrez sartu zuten", Gorenak gaineratu duenez.

Tokian, gaztearen "askatasunaren aurkako ekintzak egiteko aprobetxatu zuten; gutxienez hamar sexu-eraso izan ziren, penetrazioak aho, uzki eta baginatik", azaldu du Gorenak.

Berrikusitako "epaiaren kalifikazio juridikoan hanka-sartzea" egiaztatu du Auzitegiak. "Delitu etengabe bakarra ikusi zuten, erasoak eta parte-hartze anitza kontuan hartuta, kalifikazio zuzena akusatuak erasotzailetzat eta sexu-eraso delitu askoren partaidetzat jotzea denean".

Bortxaketa delituaren larrigarri bereziei dagokionez, biktimak jasandako "tratu iraingarri eta umiliagarria" nabarmendu du Gorenak; izan ere, aldibereko koitoak izan ziren, eta akusatuak "egindakoarekin harro" agertu ziren grabatutako bideoetan. Jarrera hori frogatutzat jo zuen Lurralde-auzitegiak dagoeneko, baita Nafarroako Auzitegi Nagusiak ere.

Gorenaren erabakiarekin pozik agertu da Espainiako Gobernua. “Gaur justizia egin da”, adierazi du Exekutiboak. Gorenaren erabakiaren berri izan ondoren, iritzia eman dute Carmen Calvo presidenteordeak eta Isabel Celaa Hezkuntza ministroak Twitter sare sozialean.

2018ko azaroan, 9 urteko espetxe-zigorra ezarri zieten bost akusatuei, 2016 sanferminetan gertatutakoa sexu abusu delitua izan zela iritzita. Gorenaren behin betiko erabakia falta zen.

Ostiral honetako saioan, Fiskaltzak bost gizonak bortxaketagatik kondenatzea eskatu du, hau da, 18 urteko espetxe-zigorra ezartzea. Argudiatu duenez, 2016ko uztailaren 7 hartan bost gizonek "beldurrarazteko nahikoa indarkeria" erabili zuten "biktima makurrarazteko".

Akusazio partikularrak eta herri akusazioek (Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren izenean) ere bat egin dute Fiskaltzaren argudioekin. Carlos Bacaicoa biktimaren abokatua ez da gehiegi luzatu eta bost gizonentzat eskatutako zigorrak zeintzuk diren aipatzera mugatu da: 18 urte eta bederatzi hilabeteko zigorra, 9 hilabeteko gaitasungabetzea, eta erantzukizun zibilagatik 250.000 euro ordaintzea solidarioki. Horrez gain, biktimarengandik 500 metro baino gehiagora urruntzeko agindua ezartzea eta behin aske geratuta 10 urtez zaintzapean egotea eskatu ditu.

Herri akusazioek, bestalde, indarkeriaren ideia azpimarratu dute. Victor Sarasa Iruñeko Udaleko abokatuak azaldu duenez, epaiak dio biktima "oratuta eta gidatuta" sartu zela ezkaratzean, baina argudiatzen du bost gizonek ez zutela indarkeriarik erabili. Sarasa ez dago ados: "oratzea indarkeria erabiltzea da, ezin daitekeelako inor oratu indarkeriaz ez bada. Indarkeria gutxi erabili zuten, baina nahikoa izan zen".

Bestalde, bost akusatuak aske uztea eskatu du haien abokatuak. Agustin Martinez Becerrak salatu duenez, bost gizonek "ez dute bidezko epaiketa bat izan", eta auziak izan duen presio mediatikoa hainbat aldiz kritikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Indarkeria matxista Nafarroa Auzitegi Gorena Entzierroa zuzenean Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa ‘La Manada’ auzia Sexu erasoak Nafarroako Auzitegi Nagusia gaur