Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon bat atxilotu dute Errenterian emakume bati sexu-erasoa egiten saiatzeagatik
Emakumeak erasotzailearengandik ihes egitea eta logelan gordetzea lortu zuen. Dena den, osasun zentroan artatu behar izan zuten.
agentziak | erredakzioa
43 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak emakume bati sexu-erasoa egiten saiatzea egotzita, Errenterian (Gipuzkoa), Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Gizona eta emakumea pisukideak ziren alokairuan zuten etxebizitza batean.
Aipatu iturrien arabera, 21:30 aldera izan zen gertakaria aurreko ostegunean. Orduan jaso zuen Ertzaintzak abisua, gizonezkoa balkoian eskuak odoletan zituela zegoela eta.
Hainbat patruila bertaratu ziren bertara, eta anbulantzia bat eskatu zuten, gizonak ebakiak zituela egiaztatu ondoren.
Hasieran, zaurituak ertzainei esan zien bakarrik zegoela etxean, baina agenteek etxe barrua ikuskatu nahi zutela esan ziotenean, logela baten emakume bat zegoela aitortu zuen.
Ertzainek emakumeak atea irekitzea eta gelatik ateratzea lortu zuten, eta "urduritasun" egoera argian zegoela konturatu ziren.
Orduan, biktimak azaldu zien duela hilabete batetik bizi zirela elkarrekin, alokairuan, eta beste gizonezko bat ere bizi dela bertan, une horretan ez zegoen arren.
Emakumearen arabera, gizonak sexu-harremanak izatea proposatu zion, baina horrek uko egin zionean, gizonak besotik indarrez heldu eta ukimenduak egin zizkion.
Indarka aritu ostean, ihes egitea eta logelan gordetzea lortu zuen emakumeak. Ondoren, kolpe bat eta hautsitako kristalen zarata entzun zuen.
Azalpen horien aurrean, ertzainek ikusi zuten etxebizitzako leihoetako bat pitzatuta zegoela, eta badirudi erasotzaileak berak apurtu zuela.
Emakumea osasun zentroan artatu zuten, eta gizonezkoa Donostia Ospitalera eraman zuten atxilotuta.