Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Emakume batek sexu-erasoa jasan du Erandioko parke batean
41 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak. Akarlandan aparkatutako emakumearen autoan sartu eta horri sexu-erasoa egin izan izana leporatu diote.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak 41 urteko gizonezko bat atxilotu du igande honetan Erandion, Akarlanda parkean emakumezko batek jasandako sexu-erasoa leporatuta, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
03:30ak aldera, erasoaren berri izan du Ertzaintzak. Biktimak salatu duenez, gauaren une batean Akarlandan aparkatutako autora abiatu da lo egitera. Esnatu denean, egin dioten sexu-erasoaz ohartu da. Lagun batek esan dionez, gizonezko bat ibilgailuan sartu da eta, geroago, ihes egin du, korrika.
Gau osoa susmagarriaren bila ibili da Ertzaintza, eta goizaldeko lehen orduan Astrabuduako zonaldean aurkitu dute. Akarlanda parkean egon izana aitortu du horrek, eta atxilotu egin du Ertzaintzak, sexu-askatasunaren aurkako delitua egotzita. Atxilotuak 41 urte ditu, eta epailearen aurrera eramango dute datozen orduetan.
------------------------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.