Gizartea -

G7-aren bilera Biarritzen

G7 Ez eta Alternatives G7 plataformek kontrabilera antolatu dute Hendaian eta Irunen

G7 taldearen goi-bilera "zarrastelkeria ekonomikoa", "setio-egoera" eta "munduko oligarkiaren komunikazio operazio" bat dela uste dute plataformek.

G7 Ez eta Alternatives G7 plataformen prentsaurrekoa. Argazkia: LAB
G7 Ez eta Alternatives G7 plataformen prentsaurrekoa.
G7 Ez eta Alternatives G7 plataformen prentsaurrekoa. Argazkia: LAB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi) egingo duten kontragailurrean parte hartzera deitu dute G7 Ez eta Alternatives G7 plataformek, G7 taldeak abuztuaren 24tik 26ra Biarritzen egingo duen goi-bileraren aurka protesta egiteko.

Bi plataformetako ordezkariek prentsaurrekoa eman dute asteazken honetan, egitarauaren berri emateko. Irungo Ficoba azoka kontrabileraren egoitza nagusia izango da. Besteak beste, Podemos Euskadik, EH Bilduk, Sortuk, Ernaik, Ezker Anitzak; ESK, Steilas, LAB eta Hiru sindikatuek; eta Bilgune Feminista, Gilets Jaunes G7, Kaleratzeak Stop Bidasoa eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteek osatzen dituzte plataformak.

Euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz agiri bat irakurri dute antolatzaileek. Protesta antolatzeko arrazoien artean, G7 "mendebaldeko potentzien nagusitasunaren" ikur dela adierazi dute kolektiboetako bozeramaileek. Goi-bileraren helburua "neoliberalismoan sakontzea da", erantsi dutenez.

G7 taldearen goi-bilera "zarrastelkeria ekonomikoa", "setio-egoera" eta "munduko oligarkiaren komunikazio operazio" bat dela uste dute. Alemania, Kanada, Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia, Italia, Japonia, Erresuma Batua eta EBko goi ordezkariak bilduko dira Biarritzen.

Espainiako eta Frantziako agintariek egitaraua aurrera eramateko orduan jarritako "oztopoak" kritikatu dituzte antolatzaileek. "G7ak ordezkatzen duen kapitalismo basatiari ez esan" nahi diotela azpimarratu dute, "alternatiba posible delako".

Manifestazioa uztailaren 13an, Biarritzen

Aurreneko mobilizazioa uztailaren 13an egingo dute Biarritzen. Kontragailurreko parte-hartzaileak hartzeko kanpaleku bat zabalduko dute. Irun eta Hendaiara joateko autobus zerbitzua martxan jarriko dute.

Abuztuaren 21, 22 eta 23an hitzaldiak eta konferentziak emango dituzte Irunen, Oiaso Museoan eta Palmera Montero kultur zentroan esaterako, baita Hendaiako zinema-aretoan ere. "Multinazionalen diktadura", "planetaren suntsiketa", "heteropatriarkatua", "herrien aniztasuna eta kolonialismoaren aurkako borroka" eta herrien arteko elkartasuna, besteak beste, mintzagai izango dituzte.

Manifestazioa abuztuaren 24an, Hendaian

Abuztuaren 24an, G7aren bilera Biarritzen hasten den egunean, plataformek manifestazioa deitu dute Hendaian. Bi zutabe izango dira protestan, eta Santiago zubira arte helduko dira, Bidasoa ibaian.

Abuztuaren 25ean, "desobedientzia zibilerako" deia egin dute antolatzaileek. Elkarretaratzeak egingo dituzte Biarritzeko eta Bidarteko saihesbidean, baita Angelun eta Baionan ere. Azkenik, G7ari "ez laguntzeko" eskatu diete langileei, dendei eta enpresei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Sortu Gipuzkoa Iparraldea LAB Biarritz Hendaia Kaleratzeak Gizartea Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Irun Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Manifestazioak Sindikatuak Feminismoa Errefuxiatuak Ficoba Steilas G7 goi-bilera Lapurdiko berriak