Gizartea -
IRUZURRA
5, 10, 20 eta 50 euroko billete faltsuak atzeman dituzte Bilbo Handian
Momentuz, Bilbon, Sestaon, Barakaldon, Basaurin eta Muskizen hauteman dituzte. Atrezzorako erabili ohi den dirua da eta internet bidez eros daiteke.
EITB.EUS
Ertzaintzak 5, 10, 20 eta 50 euroko billete faltsuak atzeman ditu Bilbo Handian. Zehazki, 18 kasu hauteman ditu maiatzaz geroztik. Atrezzorako erabili ohi den dirua da eta internet bidez eros daiteke, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez.
Orain arte iruzurra Bilbon, Sestaon, Barakaldon, Basaurin eta Muskizen soilik hauteman badute ere, estatu espainiarreko zenbait tokitan ere arazo hori badutela egiaztatu dute.
Atrezzoko dirua izenez internet bidez erositako dirua da. Gaur gaurkoz, Ertzaintzak 18 kasu erregistratu eta 52 billete aztertu ditu.
Egoera horren aurrean, Ertzaintzak billete faltsu horiek antzemateko hainbat gomendio eman dizkie herritarrei. Faltsifikazio guztiek honela dioen testu bat dute idatzita, ingelesez: This is not legal (Ez da legezkoa) eta Movie money (filmeetako dirua). Horrez gain, hain nabarmenak ez diren beste elementu batzuen bitartez ere identifikatu daitezke. Esaterako, 20 euroko billeteek MB66688880 serie zenbakia dute eta gainerakoek, MB6666888880 serie zenbakia. Halaber, ez dute kolorez aldatzen den tintarik.