Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Azken eraso sexistak salatzeko elkarretaratzea egin dute Barakaldon

Ostiralean hiru sexu-eraso leporatuta atxilotu zuten gizonezkoa libre utzi dute, badaezpadako neurriekin.

Elkarretaratzea, Barakaldon. Argazkia: EiTB
Elkarretaratzea, Barakaldon. Argazkia: EiTB
Elkarretaratzea, Barakaldon. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

200 bat lagun elkartu dira gaur arratsaldean Barakaldon, azken eraso sexistak salatzeko Herriko Plazan egin duten elkarretaratzean.

Udaleko ordezkariek, Amaia del Campo alkatea buru zela, parte hartu dute 18:00etan hasi den protesta ekitaldian, mugimendu feministak deitu duen ekitaldian hain zuzen ere.

Goizean, Barakaldoko Udalak hirian azken egunotan izan diren sexu-erasoak gaitzesteko adierazpen bat onartu du, eta bat egin du mugimendu feministak deitu duen elkarretaratzearekin.

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ostiralean atxilotu zuten Barakaldon izandako hiru sexu-erasoren ustezko egilea. 24 urteko gizonak komisaldegian igaro du gaua, eta epailearen esku utzi ostean, libre utzi dute, baina badaezpadako neurriekin, EiTB-k jakin ahal izan duenez.

Bestalde, Udalak bozeramaileen batzordea bildu du gaur, eta biktimei babes osoa eta udal baliabide guztiak eskaini dizkie.

"Barakaldon ez ditugu sexu-erasoak onartzen, eta argi adierazten dugu emakume batek erasoa jasaten duen bakoitzean kalera ateratzen. Ezin dugu gure askatasunaren aurkako erasorik onartu, emakume izate hutsagatik gertatzen dira. Emakume, ama eta alkate gisa, izurrite sozial honen aurka borrokatuko gara, eta zorionez, geroz eta pertsona gehiago gara, gizonezkoak eta emakumezkoak, aurre egitea erabaki dugunak", adierazi du Amaia del Campo alkateak.

Era berean, Del Campok Udaltzaingoko eta Ertzaintzako agenteak zoriondu ditu, horien "esfortzuari esker atxilotu dutelako pertsona hori".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Barakaldo Gizartea Eguneko albisteak Albisteak