Gizartea -

EGURALDIA

Bero boladak 40 graduko tenperatura altuak utzi ditu Euskal Herrian

Beroa itogarria izan da goizean goizetik, baina arratsaldean haizeak norabidea aldatu du eta tenperaturak jaitsi dira eta hainbat tokitan ekaitzak izan dira.

Haur bat bero handiko egun batean iturrian bere burua freskatzen. Artxiboko argazkia: EFE
Haur bat bero handiko egun batean iturrian bere burua freskatzen
Enbata Bizkaiko kostaldetik sartu da

1:31

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bero boladak muturreko tenperatura altuak utzi ditu astearte honetan eta Euskal Herriko hainbat tokitan 40 gradutik gora izan dira.

Hego-haizea dela eta, goizean goizetik bero itogarria izan da, baita kostaldean ere. Herri eta hiri askotan 35 gradutik gorako tenperaturak izan dira eta Azpeitian edo Zallan, adibidez, 41 eta 40 graduraino iritsi dira, hurrenez hurren.

Alabaina, arratsaldean haizeak norabidea aldatu du kostaldean eta tenperaturak bat-batean egin du behera. Bermeon, esaterako, 36 gradutik 29ra igaro dira 30 minututan.

Euskalmeten aurreikuspenaren arabera, datozen orduetan ekaitzak eta 80-90 km/h-ko haize ufadak izango dira. Gainera, txingorra bota dezakeela ohartarazi dute.

BIDEOA | Bero bolada Euskal Herrian

Bero-boladak gogor jo du Araba eta Nafarroan
Bero-boladak gogor jo du Araba eta Nafarroan
Bero-boladak gogor jo du Araba eta Nafarroan

1:32

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du astearterako eta asteazkenerako Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 12:00etatik 21:00etara, muturreko tenperatura altuak direla eta.

Nafarroan ere, alerta laranja ezarri du Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak ipar isurialdean, erdialdean, Pirinioetan eta Erriberan 13:00etatik 20:00etara. Tenperatura maximoak 37 ºC eta 40ºC artean kokatu dira.

Halaber, galerna eta suteak izateko arriskua dagoela ohartarazi, eta bi abisu ezarri dituzte. Lehena 16:00etatik 20:00etara egon da indarrean, eta bigarrena, berriz, astearte gauerditik asteazken gauerdira arte.

Asteazkenean, bero egiten jarraituko du barnealdean, baina kostaldean brisa altxatuko denez tenperatura ez da horrenbeste igoko: 30 ºC ingurukoak izango dira beroenak. Barnealdean, bero itogarriarekin jarraituko dugu, eta eguzkiak bazterrak kiskaliko ditu: ordurik beroenetan maximoak 35-40 ºC-koak izango dira. Goizaldean, ezegonkortasun hondarrak geratuko dira, eta baliteke zaparrada trumoitsuren bat edo beste botatzea, baina giro eguzkitsuak jarraipena izango du egunez; arratsaldean, goi-hodei fin batzuk sartuko dira, baina ez dute inolako ondoriorik ekarriko.

Alerta laranja izango da berriro asteazkenean indarrean barnealdean beroagatik, 12:00etatik 21:00etara. 37 ºC-koak izango omen dira tenperatura maximoak isurialde atlantikoan, eta 39 ºC-koak, ostera, Ebro ibarrean. Gainera, abisu horia ere ezarriko dute beroagatik kostaldean.

Aurreko egunean bezalaxe, abisu horia izango da aktibo egun osoan baso-suteak izateko arriskuagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Nafarroa Araba Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Bero-boladak albisteak