Gizartea -
DROGA
Marihuana plantazio bat desegin eta bi pertsona atxilotu dituzte Mungian
Osasun publikoaren kontrako delitua eta argindarrarekin iruzur egitea leporatzen diete. Guardia Zibilak 700 marihuana landare baino gehiago konfiskatu ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaian, Guardia Zibilak 700 marihuana landare baino gehiago zituen plantazio bat desegin eta bi pertsona atxilotu ditu Mungian.
Guardia Zibilak jakinarazi duenez, litekeena da atzemandako droga Europako herrialdeetan saltzeko asmoa izatea, Frantzian, Ingalaterran eta Herbehereetan, kasu.
Apirilean abiatu zuten ikerketa, Laukariz auzoko bizitza bakarreko etxe batean marihuana plantazio bat zegoelakoan. Irteerarik gabeko kale batean kokatuta egoteak ikertzaileen zaintza lanak zaildu ditu.
Etxebizitzaren miaketan, 700 marihuana landare baino gehiago aurkitu zituzten garaje barruan. Marihuana biltzeko eta saltzeko gertu zegoen. Are gehiago, egun horretan bertan biltzeko asmoa zuten.
Halaber, garajean landareak zaintzeko bitartekoak eta material elektrikoa atzeman zituzten, eta argindarra sare publikotik hartzen omen zuten, legez kanpo.
Gernikako 4. Instrukzio Epaitegiak hartu du bere gain ikerketa. Bi atxilotuei osasun publikoaren kontrako delitua eta argindarrarekin iruzur egitea leporatzen diete.