Gizartea -
Bizkaia
Hamabi neska-mutil eta hiru begirale erreskatatu dituzte Orozkoko Oderiaga mendian
Gorbeia inguruan ibilaldia egiten ari zirela, ekaitzak ezustean harrapatu ditu eta begiraleek larrialdi zerbitzuak ohartarazi dituzte. Suhiltzaileek eta Ertzaintzak erreskatatu dituzte.
eitb.eus
Hamabi neska-mutilez eta hiru begiralez osatutako talde bat erreskatatu dute gaur gauean Orozkoko Oderiaga mendian.
10 eta 13 urte arteko adingabeak Sestaoko San Miguel scout taldeko kideak dira.
Goizean atera dira Gorbeia inguruan ibilaldia egitera, baina arratsaldean ekaitzak eta behe-lainoak ezustean harrapatu ditu eta galdu egin dira. Gauzak horrela, begiraleek larrialdi zerbitzuetara deitu dute, 19:20 inguruan.
Ertzaintzaren helikopteroak 20:45 aldera antzeman ditu Oderiaga gainean eta haraino joan dira suhiltzaileak eta Ertzaintzaren erreskate taldeko kideak. Denak elkarrekin eta oinez bueltatu dira Orozkoko aterpetxera, han baitaude ostatu hartuta.