Gizartea -
Murtziako Gobernuaren esanetan
'Lorca berriz eraikitzeko itun handia' iragarri du Zapaterok
- Hileta-elizkizunak 11:00etan egingo dituzte.
- Ekitaldian lau hilotz baino ez dira izango, senideek eskatuta.
- Gobernuak lehen laguntzak onartuko ditu gaur.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du Estatuak eta Murtziako eskualdeak hitzarmenak sinatuko dituztuela Lorca hiria berriz eraikitzeko, asteazkeneko lurrikaren ostean.
Zapatero eta Jose Blanco Sustapen ministroa Lorcara joan dira gaur, lurrikaren kalteak bertatik bertara ikusteko.
Gobernuburuaren esanetan, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro eta lehen presidenteordeak eta Ramon Luis Valcarcel Murtziako Gobernuko presidenteak "Lorca berreraikitzeko hitzarmen handi bat" sinatuko dute hurrengo egunetan, eta Jose Blancok etxebizitzak birgaitzeko itun bat asteartean.
Zapaterok promestu du Lorca "ahalik eta lasterren" itzuliko dela normaltasunera, eta eskertu egin du Udalak eta Autonomia Erkidegoak egindako lana".
Bere esanetan, "Administrazio guztien koordinazioa eredugarra izaten ari da, eta adibide izan beharko litzateke beste edozein gertakizunerako".
"Lurrikara gogorra, indartsua, izan da, baina herrialde hau are indartsuagoa da", nabarmendu du gobernuburuak.
Gobernuaren laguntzak
Hain justu, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak lehen neurriak onartuko ditu gaur, Lorcako kaltedunei laguntzeko.
Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro eta lehen presidenteordeak aurreratu duenez, biktimen familiei 18.000 euro emango dizkiete.Halaber, etxebizitzak alokatzeko laguntzak ere onartuko dituzte.
6.000 pertsonak etxetik kanpo pasatu dute gaua
Sei mila pertsonak Lorcan jarritako bost kanpamentuetan pasatu dute gaua berriz, oraindik ezin izan baitira etxera itzuli, larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez. Gehienak etorkinak dira, gainerakoak senideen edo laguneen etxera joan ahal izan baitira.
Francisco Jodar alkateak azaldu duenez, familia asko etxera itzuli ahal izan dira dagoeneko, eta, horrenbestez, gaur gauean atzo baino jende gutxiago izango da kalean.
Lurrikaren balantzea beldurgarria da: etxebizitzen % 80k kalteak dituzte, erdiak ez dira bizitzeko egokiak eta kalte materialak 36 milioi eurokoak dira.
Ingeniariek eta arkitektoek kalteak zenbatzen eta eraikinen egoera aztertzen jarraituko dute gaur.
Kaltedunentzako telefono zenbakia: 900 117 816