Gizartea -
Bi lurrikara Murtzian
Bederatzi dira jada Lorcako lurrikaren ondorioz hildakoak
- Hiriko etxebizitzen % 80k kalteak dituzte.
- Zapaterok hiria berriz eraikitzeko lanak bermatu ditu.
Biktimen hiletak ostiralean izango dira, 11:00etan.
Erredakzioa
Asteazken arratsaldeko lurrikara suntsitzaileen biharamunean, kaosa eta beldurra nagusi dira Lorcan (Murtzia).
Gaur goizean, biktimen kopurua bederatzira igo da, larri zegoen pertsona bat hil egin baita. Hildakoen artean 14 urteko mutil bat eta haurdun zeuden bi emakume daude. Gainera, osasun zerbitzuek 260 pertsona artatu behar izan dituzte, eta horietako bi oso larri daude oraindik.
20.000 eta 30.000 pertsona artean ezin izan dira etxera itzuli, eta guztira 90.000 bizi dira hirian, Francisco Jodar alkateak jakinarazi duenez.
Alkatearen arabera, kalteak zenbatzeko taldeak Espainia osotik heltzen hasi dira, eta dagoeneko lanean ari dira.
Espainiak azken 50 urteotan bizi izan dituen lurrikara larrienak izan dira. Adituen iritziz, lurrikaren sortutako kalte handiak epizentroa lurrazaletik gertu egoteak eragin ditu.
Lehenengo lurrikara, 4,4 gradukoa, 17:05ean jazo zen; eta bigarrena, 5,2 gradukoa, handik eta bi ordura. Harrezkero, 20 erreplika baino gehiago izan dira. Lehen bi dardarak Murtzia osoan eta alboko probintzietan nabaritu zituzten.
Ramon Luis Valcarcel Murtziako Gobernuko presidentea 10:00etan iritsi da Lorcara (Bruselan zegoen lurrikarak jazo zirenean), eta, ingurua bisitatu eta gero, hiriko etxebizitzen % 80k kalteak dituztela esan du. Nolanahi ere, eraikin horietako % 90ek ez dute kalterik egituretan, alkateak Radio Euskadin zehaztu duenez.
Murtziako Gobernuak hiru dolu-egun deitu ditu.
Poliziak eta militarrak
Udaltzainak eta Polizia autonomikoa ez ezik, Espainiako Polizia eta Larrialdietarako Talde Militarra (UME) ere ari dira erreskate lanetan laguntzen.
Defentsa Ministerioak oinarrizko materialak bidali ditu, hala nola 1.000 pertsonarentzako kanpamentu bat, 6.200 pertsonarentzako elikagaiak, 1.000 litro ur, sukalde bat eta 800 manta.
Eraikin kaltetuak aztertzen ari dira teknikariak
Lantalde horiek eraikinetan sartu dira eta ondorengo koloreak erabili dituzte, sailkatzeko: berdea (arazo barik sartu), horia (arretaz sartu, etxeko tresnak jasotzeko soilik), eta gorria (debekatuta sartzea).
Zapaterok bermatu egin ditu hiria berriz eraikitzeko lanak
Diputatuen Kongresuan egindako agerraldi batean, Zapaterok lasaitasun mezua helarazi nahi izan die Lorcako biztanlei, eta nabarmendu du Gobernuak ez duela "esfortzu ekonomikorik" aurreztuko hiria berriz eraikitzeko lanetan.
Bihar, Ministroen Kontseiluak lehen neurriak onartuko ditu, eta ondoren, Zapatero Lorcara joango da.
Hileta elizkizunak, ostiralean, 11:00etan
Jose Manuel Lorca Plana Cartagenako gotzaiak egingo ditu biktimen hileta elizkizunak bihar, ostirala, 11:00etan. Bertan izango dira Asturiaseko printze-printzesak eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentea, besteak beste.
Hil-kapera Lazaro Soto Tanatorioan dago eta 18:00etan zabaldu dute.
Kaltedunentzako telefono zenbakia: 900 117 816