Gizartea -
Muskiz
Lanetik kanpo zegoen udaltzain batek gazte bat erreskatatu du Areako hondartzan
Arnasik gabe zegoela ikusita RCP maniobrak egin dizkio, sorosleak lagunduta, eta suspertzea lortu dute. Antza denez, itsasoan bainua hartzen zegoenean bihotz-biriken geldialdi bat izan du gazteak.
Agentziak | Erredakzioa
Lanetik kanpo zegoen Bilboko udaltzain batek gazte bat erreskatatu du larunbat honetan Muskizko (Bizkaia) Areako hondartzan. Arnasik gabe zegoela ikusita RCP maniobrak egin dizkio, sorosleak lagunduta, eta suspertzea lortu dute. Antza denez, itsasoan bainua hartzen zegoenean bihotz-biriken geldialdi bat izan du gazteak.
Bilboko Udalak jakitera eman duenez, 18:00ak aldera, aste honetan Arkautetik atera den promozio berriko udaltzaina bikotekidearekin paseatzen ari zen Areako hondartzan. Une horretan, itsasoan zeuden bi gaztek laguntza eskatzen ari zirela ohartu dira, eta hirugarren bat ahuspez zegoela ikusi dute.
Hala, Barakaldon bizi den udaltzaina haiengana joan da, eta lehorrera itzultzen lagundu die itsaslasterrak barrura eraman dituen bi lagunei. Gainera, uretan geldi zegoen gizona ere itsasotik ateratzea lortu du. Antza denez, bihotz-biriken geldialdi bat izan du gazteak, une horretan hondartzan zeuden lekuko batzuen arabera. Arnasik gabe zegoela ikusita RCP maniobrak egin dizkio, sorosleak lagunduta, eta suspertzea lortu dute. Egonkortu ostean, ospitalera eraman dute.
Gertatutakoaren berri izan ostean, Bilboko alkatea telefonoz deitu dio lanetik kanpo zegoen udaltzainari, egindakoagatik eskerrak emateko asmoz. Juan Mari Aburtok eskerrak eman dizkio udaltzainari, haren "esku-hartze azkarrari esker pertsona baten bizia salbatu duelako".