Gizartea -

Indarkeria matxista

Donostiako ustezko sexu-erasotzailearen atxiloaldia luzatzeko agindu du epaileak

18 urteko gizonezkoak berriro deklaratu du goizean. Donostiako Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du bortxaketa salatzeko (19:00etan, Boulevardean).

Donostiako etxebizitza batean jasan zuen sexu-erasoa. EiTBko bideo batetik hartutako irudia.
Donostiako etxebizitza batean jasan zuen sexu-erasoa. EiTBko bideo batetik hartutako irudia.
Donostiako etxebizitza batean jasan zuen sexu-erasoa. EiTBko bideo batetik hartutako irudia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehen goizaldean neska adingabe bati sexu-erasoa egitea egotzita 18 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Donostian. Epaileak horren atxiloaldia luzatzeko agindu zuen atzo, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Honenbestez, atxilotuak ertzain-etxean eman du gaua. Goizean epaitegira eraman dute eta 09:30etik deklaratzen ari da.

Ertzaintzak astelehen arratsaldean atxilotu zuen Donostian, bezperan neska adingabe bati hiriburuko etxebizitza batean egindako sexu-erasoarekin lotuta.

17 urteko emakumeak Donostiako ertzain-etxean jarri zuen salaketa, eta handik gutxira atzeman zuen Ertzaintzak ustezko erasotzailea.

Biktimak gauean jasan zuen erasoa, "hiriko erdiguneko etxe okupatu batean", Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Donostiako Udalaren adierazpen instituzionala

Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, udalean ordezkatuta dauden talde guztietako bozeramaileek sinatutako adierazpen instituzionala kaleratu du astearte honetan, eraso hau "irmotasunez gaitzesteko".

Horrez gain, erasoa jasan duen adingabeari "babesa eta elkartasuna" adierazi dio, baita haren senide eta hurbileko ingurukoei ere. Ildo horretatik, "biktimari Udalaren arreta zerbitzuen, eta babes juridiko, soziala eta psikologikoa, eta behar duen laguntza guztia" eskainiko diola jakinarazi du Udalak.

Donostiako Udalak onartutako adierazpenean gogora ekarri duenez, "mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta Udalak guztiz gaitzesten ditu".

Horrela, Udalak esan du ezinbestekoa dela lanean jarraitzea, "gizartearekin eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde". Halaber, "horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu beharra dago", azpimarratu du Udalak. Udal Korporazioak gaitzespena adierazteko elkarretaratzea deitu du asteazkenerako, Alderdi Ederren.

Bortxaketa salatzeko bi elkarretaratze: eguerdian eta arratsaldean¿

Eneko Goia alkatearen hitzetan, gertatutakoa "oso larria da, guztiz onartezina".

"Haserre gaude eraso hauekin; batzuetan jai giroan gertatzen dira eta beste batzuetan ez", erantsi du. Bilbon ostegunean izandako talde-bortxaketa ere salatu du Donostiako alkateak.

Horien guztien aurrean "gogoeta" egin, eta bihar eguerdirako Alderdi Ederren deitu duten elkarretaratzera joateko dei egin die herritarrei.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak "irmo" gaitzetsi du Donostian adingabe batek salatutako sexu-erasoa, eta "emakumeenganako indarkeria amaitzeko mobilizatzera" deitu ditu herritarrak.

Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi duenez, Donostiako Udalak asteazken eguerdirako deitu duen elkarretaratzean parte hartuko du, eta elkartasuna adierazi dio biktimari. Halaber, "osotasun fisikoa eta pertsonaren duintasuna eskubide ukiezinak dira", azpimarratu du.

"Azken erasoek agerian utzi dute gero eta sentsibilizazio eta inplikazio gehiago dagoela delitu horien aurka, baina oraindik asko dago egiteko", Mendozaren hitzetan.

Bestalde, Donostiako Mugimendu Feministak beste elkarretaratze bat deitu du bortxaketa salatzeko. Kontzentrazioa 19:00etan izango da, Boulervadean.

Ohar batean nabarmendu dutenez, Bilbon, Donostian eta Gasteizen izandako eraso matxistek agerian utzi dute "indarkeria matxistaren erroa gizartearen egituran" dagoela. 

Elkarte horren esanetan, "ez dugu onartuko gure ongizatearen aurka egindako erasoen ardura guri egoztea, ezta gure askatasunari mugak jartzea ere. Ez dugu kontuz ibili nahi, aske izan nahi dugu. Beldurrik gabe ibili nahi dugu kaletik, edozein lekutatik, edozein ordutan eta edozein modutan, seguru sentituz".

_________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Ertzaintza Indarkeria matxista Gipuzkoa Delituak albisteak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Sexu erasoak