Gizartea -
Genero indarkeria
Gizon batek sexu-abusua egin dio emakume bati Bilbon
Erasoa astearte eguerdian gertatu zen, Abandoibarra etorbidean. Salatzailearen arabera, erasotzaileak ukituak egin zizkion publizitatea banatzen ari zela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak 23 urteko gizon bat atxilotu du Bilbon emakume bati ukituak egiteagatik.
Erasoa astearte eguerdian gertatu zen, Abandoibarra etorbidean. Salatzailearen arabera, erasotzaileak ukituak egin zizkion publizitatea banatzen ari zela.
Ertzaintzak jakitera eman duenez, turismoa egiten zebilen emakumeak ez zuen publizitate banatzaileak eskainitako eskuorria hartu, ezta bikotekideak ere. Gaztea, ekin eta ekin, publizitatea ematen saiatu zen, eta emakumearengana hurbildu zenean bularra ukitu zion eskuorriarekin. Gainera, bikotea mehatxatu zuen.
Hori ikusita, bikoteak larrialdietarako zerbitzura deitzea erabaki zuen, laguntza eske.
Erasoa gertatu zen lekura bertaratu ziren agenteek erasotzailea identifikatu eta atxilotu zuten, sexu-abusua egotzita.
_________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.