Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek semea hil eta emaztea zauritu du Teruelen
Emakumea Zaragozako Miguel Servet ospitalera eraman dute. Gizona bere buruaz beste egiten saiatu da, laugarren solairutik salto eginda.
Agentziak | Erredakzioa
Gizon batek semea hil eta emaztea zauritu du asteazken honetan Andorran (Teruel), eta bere buruaz beste egiten saiatu da gero, laugarren solairutik salto eginda.
Espainiako Gobernuak Aragoin duen ordezkariak jakinarazi duenez, 18:00ak aldera Guardia Zibilak herritar baten deia jaso du, Estercuel kalean gizon batek bere burua laugarren solairutik behera bota duela esanez. Hainbat agente eta mediku bat bertaratu dira, eta gizona Alcañizko Eskualdeko Ospitalera eraman dute.
Gizon horren etxean sartu direnean, adin txikiko mutil bat hilda eta emakume bat larri aurkitu dute guardia zibilek. Arma zuriz egindako zauriak zituzten biek. Zauritua Zaragozako Miguel Servet ospitalera eraman dute.
Guardia Zibilak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko, eta hainbat hipotesi ditu aurrean. Ikerketako iturriek jakinarazi dutenez, ez zegoen aurretiazko salaketarik tratu txarrengatik.
Herritarrak hunkituta eta haserre agertu dira hilketa horrekin. Mutilak 16 urte zituen, eta bikotearen semea zen. Horiez gain, 19 urteko neska bat bizi da etxe horretan, larri zauritutako emakumearen alaba, baina gertakari horiek izan direnean ez zegoen etxean.
_________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.