Gizartea -

Indarkeria matxista

Bilboko bortxaketagatik karguekin aske dauden gizonak kanporatzeko prozesua hasi dute

Espainiako Poliziak ordu batzuez atxilotu ditu guardiako epaileak karguekin aske utzi zituen lau ustezko erasotzaileak, haien egoera legala egiaztatzeko asmoz.

Ertzainak erasoaren tokian. Argazkia: EFE
Ertzainak erasoaren tokian. Argazkia: EFE
Bilboko bortxaketagatik libre dauden lau ikertuen egoera legala aztertzen ari dira

1:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak ordu batzuez atxilotu ditu Bilboko talde-bortxaketagatik karguekin aske utzi zituzten lau ustezko erasotzaileak, haien egoera legala egiaztatzeko asmoz, polizia-iturriek jakitera eman dutenez.

Agenteek Abandoko geltokiaren inguruan atxilotu dituzte ikerketapean dauden lau etorkinak. Baldintzapean aske dauden susmagarri horiek egunero jo behar dute epaitegietara, talde-bortxaketarekin zerikusia duten ikertzen duten bitartean.

Atzerritarren Legeak aurreikusten dituen izapide administratiboak bete ondoren, karguekin aske utzi dituzte berriro. Polizia-iturriek ez dute zehaztu susmagarriak legezko egoeran dauden edo ez, baina Europa Press albiste-agentziak jakinarazi duenez, behin-behinean aske dauden lau gazteak Espainiatik kanporatzeko izapideak hasi ditu Espainiako Poliziak.

Poliziak ostegun honetan egindako atxiloketen berri eman die Bilboko talde-bortxaketaren auzia daraman epaileari, Fiskaltzari eta Ertzaintzari.

Abuztuaren 1ean Bilboko Etxebarria parkean 18 urteko neska batek jasandako talde-bortxaketagatik atxilotutako eta behin-behinean kartzelara bidalitako bi gizonak espetxean mantentzea erabaki zuen atzo Bilboko Instrukzioko 4 zenbakiko Epaitegiak.

Ostiral goizaldean, Ertzaintzak 18 eta 36 urte arteko sei gizon atxilotu zituen, erasoarekin zerikusia zutelakoan. Alabaina, horietako bi Basauriko espetxean sartzeko agindua eman zuen epaileak, eta beste laurak karguekin aske uztea, egunero epaitegian aurkezteko baldintzarekin. Mutil horiek egitateetan izandako parte-hartzearen inguruan "zalantzak" daude; izan ere, horietako biren deskribapen zehatza egin zuen biktimak (horietako batek tatuaje oso berezia du), baina ez zuen gainerakoen identifikaziorik egin.

Ikerketapean dauden ustezko sei erasotzaileak Bilboko Alde Zaharrean atzeman zituen Ertzaintzak, talde-bortxaketa egin eta lau ordu geroago, baina, oraingoz, ezin izan dute egiaztatu erasotzaileak sei gizon horiek direnik.

Astelehenean, Bilboko Instrukzioko 4 zenbakiko Epaitegiak bere gain hartu zuen auzia, eta, asteazken honetan erabaki behar zuen Basauriko espetxean sartu zituzten bi akusatuen egoeraren inguruan. Hala, guardiako epaileak hartutako erabakia berretsi du, eta 18 urteko emakumearen bortxatzeagatik behin-behinean kartzelara bidalitako bi gizonak Basauriko espetxean jarraituko dute.

Gainerako laurak kargupean aske daude, oraingoz. Instrukzio-fasean, proba berriak bildu eta bestelako neurririk hartu edo ez erabaki beharko du epaileak DNA proben emaitzak iristen direnean.

_________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Umeak tratu txarrak Bilboko albisteak Tratu txarrak Espainian Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Genero-indarkeriaren biktimentzako laguntza Matxismoa