Gizartea -
2019ko Aste Nagusia
Sexu-erasoei aurre egiteko ahalegin berezia egingo dute Bilboko Aste Nagusian
Bilboko Udalak gaur aurkeztu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekin batera prestatu duen segurtasun operatibo berezia. Arreta nagusia jende gehien biltzen den lekuetan jarriko dute.
Eitb.eus
Hilabeteak daramatzate Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Aste Nagusirako segurtasun-dispositibo berezia prestatzen. Astelehenean Udaletxean egindako bileran, segurtasunarekin lotutako azken xehetasunak erabaki ditu Segurtasuna Koordinatzeko Batzordeak, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea bertan zela.
Bilboko Udalak gaur aurkeztu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekin batera prestatu duen segurtasun operatibo berezia. Arreta nagusia jende gehien biltzen den lekuetan jarriko dute, baina ertzainak eta udaltzainak hiri osotik ibiliko dira. Udalak azaldu duenez, segurtasuna eta prebentzioa dira oinarrizko lehentasunak, kontuan izanik milioi bat eta erdi pertsona igaroko direla hiritik Aste Nagusiak iraungo duen 9 egunetan.
Horrela, ertzainak eta udaltzainak eguneko 24 orduetan egingo dituzte zaintza-lanak, bereziki jende gehien biltzen den lekuetan: Areatza, Plaza Biribila, Zazpikaleak, Erkoreka plaza, Etxebarria parkea, Abandoibarra, Casilda Iturrizar parkea, Indautxu eta Moyua plaza, besteak beste.
Aurreko urteetan bezala, Aste Nagusian galdutako eta aurkitutako objektuen zerbitzu berezia jarriko da martxan Udaltzaingoaren bulegoetan, jaietan galtzen diren objektuak jabeei lehenbailehen itzuli ahal izateko.
Udaltzainak eta ertzainak elkarlanean arituko dira Aste Nagusian. Argazkia: Bilboko Udala
Operatibo honek garrantzi berezia emango die eraso sexisten eta sexu-erasoen aurkako prebentzioari eta jarduketari. Horren harian, kaleko arroparekin jantzita ibiliko diren eta jai-esparruetan berehala jarduteko prest izango diren agenteen kopurua nabarmen handituko da. Bideozaintza modu pasiboan erabiliko dute, eta festa gunetik kanpo geratzen den lekuen zaintza indartuko dute, eraso asko etxera bidean gertatzen baitira. Aurten, 100 udaltzain gehiago izango dira lanean Aste Nagusian.
Halaber, pertsonen osotasun fisikoa arriskuan jar dezaketen egoerak saihestuko dira, etahorretarako, besteak beste, bideko segurtasun-neurriak hartuko dira. Mota guztietako bideetan areagotuko da zaintza, batez ere joan-etorri gehien dutenetan. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak elkarlanean egingo dituzte alkohol eta substantzia estupefazienteen kontsumoa prebenitzeko kontrolak.
Bilboko Udalak azpimarratu duenez, ez da kaleko postuetan edaririk edo elikagairik erosi behar, osasunerako arriskutsua izan daitekeelako osasun-kontrolik izan ez duten elikagai galkorrak kontsumitzea.
Jende ugari Bilboko Aste Nagusian. Artxiboko argazkia: EiTB
Su artifizialak
Su artifizialak dira Aste Nagusiko ikuskizun jendetsuena. Berrikuntza modura, su artifizialak hastera doazela ohartarazteko, 22:15ean 10 segundoko argi eta kolore seinaleak ikusi ahalko dira zeruan (Euskaltelen kartela piztuta egiten izan da iragarpen hori aurreko edizioetan).
Laugarren urtez jarraian, 989/2015 Errege Dekretuak jasotakoa betez, haizearen abiadura orduko 36 kilometrotik gorakoa bada, suak bertan behera utziko dituzte. Hori gertatzeko probabilitate txikia dagoenez, Udalak jarraibideak prestatu ditu herritarrei ikuskizun piroteknikoa bertan behera geratu dela ohartarazi behar bazaie.
Hala, su artifizialak bertan behera geratzen badira, ondorengo mezua zabalduko dute festa eremuko megafoniaren bidez: "Entzun, mesedez. Bilboko Udalak jakinarazten du gaur gaueko su artifizialen ikuskizuna bertan behera geratuko dela, haizeak jaurtiketa-eremuan duen indarra dela eta. Barkatu eragozpenak”.