Gizartea -

Indarkeria matxista

Bederatzi emakumek sexu-jazarpena leporatu diote Placido Domingori

Tenorea "kezkatuta" agertu da salaketarekin. Emakumeek 80ko hamarkadaren amaieratik aurrera pairatu zuten sexu-jazarpena, Placido Domingok goi zuzendaritzako postuak bete zituenenean.

Placido Domingo. Artxiboko argazkia: Klaus Dolle
Placido Domingo. Artxiboko argazkia
Sexu jazarpen salaketa Placido Domingo tenorearen kontra

1:18

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

80ko hamarkadaren amaieratik aurrera, Placido Domingorekin izandako hainbat topaketatan tenorearen sexu-jazarpena jasan zutela salatu dute zortzi abeslarik eta dantzari batek. Associated Press albiste-agentziak zabaldu duenez, nazioarteko opera konpainietan goi zuzendaritzako postuak bete zituen Placido Domingok urte haietan.

Bederatzi emakumeetako batek bakarrik onartu du bere izena zabaltzea: Patricia Wulf, Washingtongo Operan Placido Domingorekin abestu zuen mezzosopranoa. Emakume batek salatu du tenoreak bere gona barruan sartu zuela eskua, eta beste hiruk adierazi dute ahoan musuak ematera behartu zituela aldagela batean, hoteleko gela batean eta laneko bazkari batean.

"Lan-bazkari bat izatea ez da arraroa", adierazi du zortzi abeslarietako batek. "Baina lan-bazkari batean norbaitek eskua hartzen saiatzea arraroa da, edo eskua belaunean jartzea. Beti ukitzen zintuen, modu batera zein bestera, eta beti musukatzen zintuen", gaineratu du.

Bederatzi emakume horiez gain, beste hamabi emakumek ziurtatu dute deseroso sentitu zirela Domingok egindako sexu-proposamenekin. Hala, abeslari batek esan du 90eko hamarkadan berarekin kontzertu batzuetan kantatzeko kontratatu ostean, tenoreak hitzordu bat izatea eskatu ziola hainbatetan.

Beste horrenbeste kantarik, dantzarik, orkestra-musikarik, teknikarik, kantu irakaslek eta administrarik adierazi dute Domingoren portaera desegokiaren lekuko izan zirela, eta bera baino gazteagoak ziren emakumeak inpunitate osoz jazartzen zituela.

Placido Domingoren erantzuna

"Identifikatu gabeko pertsona horien akusazioak, orain dela 30 urteko gertaerak salatzen dituztenak, oso kezkagarriak dira, eta zehaztasunik gabekoak, deskribatzen diren moduan", adierazi du Domingok ohar batean.

"Dena dela, mingarria da norbait deseroso sentiarazi dudala jakitea, zenbat denbora igaro den eta nire asmorik onenak axola gabe. Nire harreman guztiak ongi etorriak eta adostuak izan zirela uste nuen. Ezagutzen nauen edo nirekin lan egin duen pertsona orok argi dauka ez dudala nahita inor mindu, iraindu edo lotsatu nahi”, gaineratu du tenoreak.

"Alabaina, jarrerak neurtzeko garai hartan erabiltzen ziren irizpideak eta gaurkoak oso ezberdinak direla onartzen dut. Operan 50 urtetik gorako ibilbidea egiteko aukera izan dut, eta aurrerantzean estandar altuenei erreparatuko diet", esan du Domingok.

Bertan behera utzi dute haren kontzertu bat Filadelfian

Oraingoz, Filadelfiako Orkestraren Elkarteak, Twitterren iragarri duenez, bertan behera utzi du Domingori irailaren 18rako egina zuen gonbidapena, eta, hortaz, tenoreak ez du parte hartuko aipatutako elkartearen opera-festibalaren inaugurazioan: "Konpromisoa dugu emateko orkestrari eta horren langileei, artista kolaboratzaileei, konpositoreei eta gure entzuleei eta komunitateari giro segurua, babesekoa, errespetuzkoa eta egokia", argudiatu du.

Dena dela, Helga Rabl-Stadler Salzburgoko presidenteak babesa eman dio Domingori, eta baieztatu du bertan abestuko duela, aurreikusita zegoenez, abuztuaren 25ean eta 31n, "Louisa Miller" Verdiren operan.

Valentziako Palau de les Artsen, 2019ko abendurako dago iragarrita Placido Domingo, "Nabucco"n; agiri batean esan dutenez, tenorearen aurkako akusazioen emaitzen zain izango dira. Domingo Hobekuntza Zentroko abeslariak hautatzen dituen epaimahaiaren kidea da Domingo.

Los Angeleseko Operak, halaber, zabaldu du astearte honetan tenorearen aurkako akusazioak ikertuko dituela; izan ere, erakundeko zuzendari nagusia da. Europa Pressek ikusi ahal izan duen agiri batean, hauxe azaldu du LA Operak: "Giza baliabide politika sendoak ditugu, bai eta indarrean dauden prozedurak ere. Hortaz, kanpoko aholkularitza kontratatuko dugu, xede izanik ikertzea Placido Domingoren gaineko akusazio kezkagarriak".

_________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak haurrak Indarkeria matxista gaur Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jende ospetsua albisteak Genero-indarkeriaren biktimentzako laguntza Matxismoa Sexu erasoak